Mundua -

Portugalgo hauteskundeak

Presidentegai kontserbadorea faborito, Portugalgo hauteskundeetan

Inkesten arabera, Marcelo Rebelo de Sousa hautagai kontserbadoreak ordezkatuko du Anibal Cavaco Silva egungo presidentea.

Portugaldarrek errepublikako presidentea aukeratu behar dute. Argazkia: EFE
Portugaldarrek errepublikako presidentea aukeratu behar dute. Argazkia: EFE
Portugaldarrek errepublikako presidentea aukeratu behar dute. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskunde eguna dute gaur Portugalen eta boto eskubidea duten herritarrek datozen 5 urteotako presidentea aukeratu beharko dute. Aurreikuspenen arabera eta, ezustekorik ezean, hautagai kontserbadorea izango da estatuburua.

Anibal Cavaco Silva egungo presidenteak hamar urte egin ditu agintean.

Guztira, 9,7 milioi portugaldar daude botoa ematera deituta eta hamar hautagairen artean aukeratu beharko dute.

PSD alderdi sozialdemokratako buruzagi ohi izatetik arrakasta handiko analista politiko izatera igaro den Marcelo Rebelo de Sousa hautagai kontserbadorea da faborito nagusia. Inkesta gehienen arabera, Rebelo de Sousok botoen % 50 baino gehiago eskuratuko du. Emaitzak baieztatuko balira, ez litzateke bigarren itzulirik izango.

Rebelo de Sousoren aurkari nagusiak Alderdi Sozialistari lotuta dauden António Sampaio da Nóvoa unibertsitateko errektore ohia eta Maria de Belém Osasun ministro ohia dira.

Hauteskundeetara aurkezten diren hamar hautagaietako inork botoen % 50 baino gehiago lortzen ez badu, bi hautagai bozkatuenak otsailaren 14ko bigarren itzulira igaroko dira.

Hauteslekuak 08:00etan (GMT ordua) zabaldu dituzte eta 18:00ak arte (GMT ordua) irekita egongo dira Portugal kontinentalean eta Madeiran; aldiz, ordubete geroago itxiko dira Azores uharteetan.

Presidentea, balizko gatazka politikoen aurrean bitartekari lana egiteko figuratzat dute Portugalen. Hala ere, presidenteak Portugalgo lehen ministroa kargutik kentzeko boterea du. Dena den, ez dirudi presidente berria horrelakorik egiten ausartuko denik eta, are gutxiago, Cavaco Silvak hauteskunde osteko egoeran izandako rolak piztutako eztabaidaren ondotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken ordukoa