Mundua -

Hauteskundeak AEB-n

Iowan abiatuko dira 'caucus'ak, hautagaiak parekatuta

Clinton eta Sanders ia berdinduta iritsi dira Alderdi Demokratan, Trump eta Cruz errepublikanoen artean bezalaxe.

Sam osaba, Iowako caucusen atarian. Argazkia: Efe
Sam osaba, Iowako caucusen atarian.
Lehia estua bi hautagai demokraten artean

1:14

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iowako estatuan hasiko dira AEBko hauteskunde primarioak, 'caucus'ak, eta indarrak parekatuta iritsiko dira Hillary Clinton eta Bernie Sanders hautagai demokratak, eta Donald Trump eta Ted Cruz errepublikanoak.

"Irabaztera goaz", esan zuen atzo Trumpek ehunka pertsonen aurrean Council Bluffs eskolan, Iowa eta Nebraska arteko mugan.

Trump boto-emaileen % 28ren babesarekin iritsiko da Iowako hitzordura, Ted Cruz (% 23) senatariaren aurretik, larunbatean Des Moines Register egunkariak argitaratu zuen inkestaren arabera.

Dirudun errepublikanoaren ekitaldirako ehunka pertsona egon ziren ilaran zain, besteak beste, bat egiten dutelako paperik gabeko 11 milioi etorkin kanporatzeko neurriarekin.

Baina Cruz izan da hautagai errepublikano aktiboena Iowa estatuan. Texaseko senatari ultrakontserbadorea da ebangelikoen gustukoena, eta boto-emaile talde hori oso garrantzitsua da AEBko mendebaldeko estatu horretan.

Boto-emaile errepublikanoen artean, askok pentsatzen du sistema manipulatuta dagoela AEBn aberatsenei mesede egiteko, eta hori pentsatzen dutenen % 40 Trumpen alde dago, nahiz eta izugarri aberatsa izan.

Demokratak

Demokraten artean, boto-emaileen bi herenek iritzi bera dute, eta hori izan liteke Bernie Sanders hautagaiaren gorakadaren arrazoia, 74 urteko senatariak sozialistatzat jotzen baitu bere burua, eta finantza eta hauteskunde sistema "ustela" aldatuko lukeen iraultza politikoa defendatzen duelako.

Clintonen garaipena asko estutzea lortu du Sandersek Iowan, % 45ean eta % 42an baitaude hurrenez hurren, aipatu inkestaren arabera.

Iowan galtzea kolpe gogorra izango litzateke Estatu idazkari ohiarentzat; izan ere, 2008an ere galdu zuen Barack Obamaren kontra, eta litekeena da New Hampshiren, hurrengo 'caucus'etan, galtzea, Sanderesek alde handia ateratzen baitio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB