Mundua -

Estatu Batuak

Floridako Gorenak baliogabe utzi du Pablo Ibarren heriotza zigorra

Epaiketa errepikatzea agindu du epaileak. Euskal jatorriko presoak 22 urte daramatza espetxean; horietako 15, heriotzaren korridorean.

Floridako Gorenak bertan behera utzi du Pablo Ibarren heriotza zigorra

0:49

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Floridako Auzitegi Gorenak 2000. urtean Pablo Ibar euskal jatorrizko presoaren aurka ezarritako heriotza-zigorra baliogabetu du. Ibarrek 22 urte daramatza kartzelan, horietako 15, heriotzaren korridorean.

Auzitegiak emandako ebazpenak beste epaiketa bat egitea ekarriko du. 1994.ean hiru pertsona hiltzeagatik zigortu zuten Ibar: taberna bateko jabea eta bi modelo. Ibarrek beti esan du errugabea dela.

Pablo Ibar Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteak ohar baten bidez adierazi duenez, erabaki honen bidez "Ibarrek errugabetasuna defendatzeko aukera izango du azkenean".

Edonola ere, elkarteak azaldu du erabakia ez dela irmoa, Floridako estatuak helegitea aurkez lezakeelako eta "oso litekeena" da hori gertatzea, bai Floridako Auzitegi Gorenean aurkeztuta, bai Estatu Batuetako Auzitegi Gorenean. Helegitea aurkezteko 30 eguneko epea dute, baina aukera dago epea luzatzeko.

Floridako Auzitegi Gorenean, hiru epailek zigorra baliogabetzearen aurka bozkatu dute, eta lauk alde. Ibar hilketekin lotzeko "froga fisikorik" ez dagoela ebatzi dute.

Halaber, hilketa jazo zen lekuan berreskuratutako kamisetan Ibarren DNA zantzurik ez zegoela gaineratu dute. Hiltzaileak kamiseta horrekin garbitu zuen bere burua.

Ibarren emaztea, Tania Quiñones, hunkituta agertu da ETBrekin hizketan, eta "gerra" irabazi ez badute ere, "bataila hau funtsezkoa" dela adierazi du. Lehen epaiketaren ostean ezkondu ziren, Pablo dagoeneko preso zegoela.

Bestalde, Pablo Ibar elkarteko bozeramaileak, Andres Krakenbergerrek, burua "hotz eta lasai" izateko deia egin du, Floridako Estatuak aurkez lezakeen helegitea ebatzi arte. Hori bai, orain "ur-lasterraren kontra igeri" behar dutenak Floridako agintariak direla nabarmendu du.

Bideoa: Pablo Ibar, 15 urte heriotzaren korridorean

22 urteko borroka

Ibarri hiru pertsona hiltzeagatik zigortu zuten, eta berak beti ukatu egin du hiltzailea izatea.

1994ko uztailaren amaieran, Polizia Miramarreko etxe batean sartu zen, Floridako estatuan, eta bertan Casimir Sucharski etxearen jabea -eta taberna bateko jabea-, bi dantzarirekin batera, hilda topatu zituzten. Dantzariak Sharon Anderson eta Marie Rodgers deitzen ziren.

Ikerketa 1994ko abuztuaren 25ean bukatu zen, Seth Peñalver eta Pablo Ibarren deklarazioekin.

Bi akusatuen aurkako epaiketa Fort Lauderdaleen (Florida) egin zuten, 1997eko maiatzaren 5ean. Ondoren, 1998ko urtarrilaren 25ean baliorik gabe utzi zuten, epaimahaiak ez zuelako ados jartzea lortu. Gainera, 1999ko urtarrilaren 11an bigarren epaiketa egin zuten.

Ustezko Pablo Ibar (ez da bera)

Pablo Ibar ote? Akusazioa justifikatzeko erabilitako argazkiak

Epaimahaia osatzeko prozesuan, Ibarri esleitutako ofiziozko abokatua atxilotu zuten, haurdun zegoen emakume bati eraso egiteagatik, indarkeria matxistaren kasu batean. Akusatuak abokatua kargutik kentzeko eskaria egin zuen, baina auzitegiak uko egin zion. Geroago, beste eskari bat egin zuen, epaiketa atzeratzea eskatu zuen, eta onartu egin zioten. Seth Peñalverren epaiketak aurrera egin zuen eta heriotza-zigorra jaso zuen.

Pablo Ibarren aurkako hirugarren epailea 2000ko apirilaren 17an hasi zen, eta epaimahaiak errudun jo zuen, ekainaren 14an. Uztailaren 24an zigorra zehazteko epea hasi zen, eta, ondoren, heriotza-zigorra jaso zuen Ibarrek.

Euskal emigratzaileen semea

Euskal jatorriko presoa Jose Manuel Ibar, Urtain, gipuzkoar boxeolari mitiko zenaren iloba da, eta 1972an jaio zen, Fort Lauderdale herrian (Florida, AEB).

Aitak, Candido Ibar Aspiazuk, AEBra emigratu zuen, eta, bertan, pilotari aritu zen. Pablo semeak ere pilotan jokatu zuen Floridako Jai-Alai frontoian.

Espainiako Gobernuak espainiar nazionalitatea eman zion 2001eko abenduaren 27an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak bideoak Pablo Ibar argazkiak Eguneko albisteak