Mundua -
Mogadiscion
Somalian ezinbestean lur hartu zuen hegazkinean bonba bat ei zegoen
Hori da ikerlarien hipotesi nagusia. Leherketa batek zulo bat egin zuen fuselajean, eta pilotuak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Asteartean, Mogadiscioko (Somalia) aireportutik atera, eta handik gutxira, leherketa baten ondorioz larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen hegazkinean bonba bat ote zegoen ikertzen ari dira. Hori da, hain justu, ikerlarien hipotesi nagusia, leherketa abio barruan zegoen bonba batek egin izana, AEBko Gobernuaren iturriek jakinarazi dutenez.
Hermes Airlines konpainiako A321 hegazkina Mogadisciotik aireratu zen, 74 bidaiari zituela. Handik gutxira, aldiz, larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen aireportu horretan hegazkinean gertatutako "gertakari" bat tarteko. Lekukoek jakinarazi zutenez, leherketa handia izan zen, eta zabaldu diren irudietan zulo handia ikus daiteke fuselajean.
Konpainiako bozeramaile batek Reuters albiste agentziari esan dionez, bi lagun zauritu ziren. Abiazio zibileko agentziak gerora baieztatu duenez, gorpu bat ere topatu dute.
Leherketa bonba batek egin izanaren baieztapen ofizialik ez dago. Ezein talde terroristek ez du atentatua bere gain hartu. Nolanahi ere, hori da hipotesi nagusia, AEBko Gobernuaren esanetan.