Mundua -

Bolivia

Ezezkoaren garaipenak laugarren agintaldia galaraziko dio Evo Moralesi

Ezetz bozkatu zuen % 51,31k, eta baietz, % 48,69k. Moralesek agintean daramatzan 10 urteetan jaso duen lehenengo porrota da.

Boto zenbaketa, Bolivian. Argazkia: Efe
Boto zenbaketa, Bolivian.
Boto zenbaketa, Bolivian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boliviako Konstituzioa aldatzeko erreformari buruzko erreferendumean, ezezkoa baiezkoari gailendu zaio, eta, ondorioz, Evo Morales presidentea ezingo da presidentegai izan 2019ko hauteskundeetan, 2025era arte iraungo lukeen laugarren agintaldi bat egiteko.

Ezetz bozkatu zuen % 51,31k, eta baietz, % 48,69k, botoen % 99,49 zenbatuta, Katia Uriona Hauteskunde Auzitegi Goreneko presidenteak bart iragarri duenez.

Emaitzen berri izan ostean, Gobernuko edo agintean dagoen Mugimendu Sozialistako buruzagirik ez da inon ageri emaitza horien inguruan hitz egitera.

Moralesek 10 urteko agintaldian jaso duen lehenengo porrota izan da, orain arte garaipen handiak lortu baititu bere buruzagitza zalantzan egon denetan.

Carlos Mesa presidente ohi (2003-2005) eta kostaldea berreskuratzearen aldeko borrokaren bozeramailea Moralesi zuzendu zaio Twitter bidez.

Presidenteak agintean egon ahal izateko agintaldi kopurua bitik hirura igotzeko aldatu nahi zuten Konstituzioa, baina erreferendumak atzera bota du aukera hori.

Moralesek eta Garcia Linerak proposamen horren aldeko babesa eskatu zuten 2019ko hauteskundeetan hautagai izateko, 2020-2025 legegintzaldian ere agintean jarraitu ahal izateko.

2006ko urtarrilaren 22tik daude Bolivian agintean. Bigarren agintaldia 2010ean hasi zuten, eta hirugarrena, 2015ean. 2020ko urtarrilaren 22an amaituko da horien agintaldia.

Hiru agintaldi egingo badituzte ere, lehenengoa ez da aintzat hartzen, Auzitegi Konstituzionalak hala onartuta, 2009an Bolivia estatu plurinazional gisa berrantolatu baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Albisteak