Mundua -
Erasoa
Gutxienez 16 lagun hil dituzte Boli Kostan, gune turistiko batean
Islamiar Magrebeko Al-Qaidak aldarrikatu du erasoa, Al Ajbar Mauritaniako agentzia pribatuari bidalitako ohar baten bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Alassane Outtara Boli Kostako presidenteak baieztatu duenez, gutxienez 16 pertsona hil dira igandean eraso terrorista batean, herrialde horretako kostaldeko gune turistiko ezagun batean egindako atentatuan. Grand Bassam herrian, Abidjan hiriburutik 40 bat kilometrora, egin dute erasoa, eta hildakoen artean lau europar eta bi soldadu daude, eta europarren artean frantziar bat, François Hollande Frantziako presidenteak baieztatu duenez.
Aurretiaz, Hamed Bakayoko Barne ministroak telebistan egindako agerraldi batean, ustezko sei terrorista hil dituztela adierazi du: "Grand Bassam herriko hiru hoteli eraso diete gizon armatu batzuek. Segurtasun indarrek esku hartzea erabaki dute berehala, eta sei terrorista hil dituzte", azaldu du.
Erasoa arratsaldean jazo da, eta, besteak beste, Etoile du Sud hoteleko taberna izan du jomuga. Grand Bassam hondartzako lehen lerroan dago, eta oso ospetsua da Boli Kostako herritarren eta bertan bizi diren atzerritarren artean. Erasotzaileek Kalashnikov fusilak eta granadak zituzten, eta tiroka hasi dira tabernan zegoen jendearen aurka.
Al-Qaidak bere gain hartu du erasoa
Islamiar Magrebeko Al-Qaidak bere gain hartu du erasoa, Al Ajbar Mauritaniako agentzia pribatuari bidalitako ohar baten bidez.
Lehen aldiz izan da Boli Kosta horrelako eraso baten jomuga, baina herrialdea alertan zegoen; izan ere, azken hilabeteetan Burkina Fason eta Malin ere egin dituzte atentatuak, zenbait hoteletan.