Mundua -
AEB
Florida eta Ohio estatu gakoetan 'caucus'ak egingo dituzte gaur
Hitzorduak garrantzi berezia du errepublikanoentzat. Trumpen garaipen batek bidea dezente erraztuko lioke milioidunari.
Agentziak | Erredakzioa
Beste 'superastearte' bat Ameriketako Estatu Batuetan (AEB). Presidentetzarako hautagai errepublikanoa eta demokrata aukeratzeko bidean 'caucus' edo barne-hauteskundeak egingo dituzte bost estatutan, horietako bi gutxienez (Florida eta Ohio), gako direla.
Bi horiez gain, Illinoisen (Chicago AEBko hirugarren hiri jendetsuena bertan dago), Missourin eta Ipar Carolinan egingo dituzte bozketak. Biztanle askodun estatuak izaki, ordezkari dezente lortzen da primarioetan.
Errepublikanoentzat bereziki garrantzitsua da gaurko hitzordua. Florida eta Ohion irabazten duenak, hautagaien arteko aldea edozein dela ere, ordezkarien % 100 eskuratu du (99 Floridan eta 66 Ohion).
Bi estatuotan irabazten badu, presidentetzarako bidea dezente erraztuko zaio Donald Trump milioidunari. Hautagai kontserbadoreak 460 ordezkari ditu jada, eta 1.237 beharko ditu alderdiak uztailean egingo duen bilerarako.
Floridan Trumpen garaipen batek Marco Rubioren hautagaitzarenak egingo luke, eta beste hainbeste Ohion, John Kasichenarekin.
Rubioren eta Kasichen garaipenek, ordea, kalte handia egingo liokete Trumpi, eta errepublikanoak faborito argirik gabe geratuko lirateke.
Azken inkesten arabera, Trumpek irabaziko du Floridan, baina Kasichek aurrea hartuko dio Ohion, tarte txikiagatik bada ere.
Demokraten 'caucus'etan ordezkariak proportzionalki banatuko dituzte. Hortaz, atarramentu bereziko primarioak izan ahal dira Hillary Clintonentzat.
Izan ere, galdeketen arabera, Missourin kenduta (han nagusi izango omen da Sanders), gainerako hautagaiei alde handia ateratzen die lehen dama izandakoak.