Mundua -
BIRMANIAKO GOBERNU BERRIA
Htin Kyaw, Birmaniako presidente berria
50 urtean Birmaniako presidente kargura iritsi den lehendabiziko zibila da. Militarren esku egon da Gobernu birmaniarra azken hamarkadotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Htin Kyaw aukeratu du gaur presidente Birmania edo Myanmarko Parlamentuak: Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren eta herrialde horretako mugimendu demokratikoaren buruaren gertukoa da Kyaw. Armadak aukeratutakoa ez den lehendabiziko presidentea izango da Birmanian.
Demokraziarako Liga Nazionala (NLD) alderdiak proposatu zuen Htin Kyaw Presidentetzarako. Birmaniako Parlamentua osatzen duten 652 diputatuetako 360ren babesa jaso du.
Hala, aurrea hartu die NLD alderdiak proposatutako beste hautagaiari, Henry Van Thiori, eta Birmaniako Armadak proposatutakoari, Mying Sweri. Bi horiek presidenteorde izendatuko dituzte.
Birmaniako hedabide nagusiek azalean jaso dute une historikoa. EFE.
Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren iritzian, azken urteotan birmaniarrekiko erakutsi duen leialtasunagatik eta duen formazioagatik aukeratu dute presidente Kyaw. Henry Van Thioren balioa ere nabarmendu du, batez ere, adiskidetze nazionalaren alde egin duen lanagatik.
Nobel saridunak ezin izan zuen bere burua Presidentetzara aurkeztu, bere bi semeek britainiar pasaportea dutelako. Bertako Konstituzioaren arabera, senitarteko atzerritarrak dituzten birmaniarrek ez dute presidente kargura aurkezteko eskubiderik. Junta Militarrak onartutako neurri bat izan zen hori.
Birmaniako Konstituzioak Armadari eskubide eta botere ugari onartzen dizkio. Besteak beste, Defentsa, Barne edota Mugetako ministerioetako buruak izendatzerakoan, militarrek dute erabateko lehentasuna.
Kanpainan, Suu Kyik ziurtatu zuenez, itzaletik zuzenduko du Birmaniako Exekutiboa. Hainbat adituren arabera, Atzerri Gaietako ministro berria izango da. Martxoaren 30ean osatuko da Gobernua.