Mundua -
Hegazkin istripua
62 pertsona hil dira Errusian izandako hegazkin istripuan
Rostov aireportuan lurra hartzen ari zela, bigarren saiakeran, izan du ezbeharra. Eskifaiako bi kide kanariarrak ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Flydubai konpainiako hegazkin batek istripua izan du Errusiako Rostov aireportuan eta barruan zihoazen 62 lagunak hil egin dira, Errusiako Larrialdi Ministerioak jakinarazi duenez.
Boeing 738 hegazkinean 55 bidaiari -18 gizon, 33 emakumezko eta 4 ume- eta eskifaiako 7 kide -tartean, bi kanariar- zihoazen. Aireportuko agintariek adierazi dutenez, hegazkinak lurra jo du Rostov Don aireportuan, lurreratzeko bigarren saiakera egiten ari zela (03:40ean Errusian).
Lehen hipotesien arabera, litekeena da eguraldi txarrak eragin izana istripua: laino itxia zegoen, haizea zakar zebilen eta euria gogotik ari zuen.
Hainbat informazio iturriren esanetan, Flydubai konpainiako hegazkina 01:30ak zirenean (23:30 GMT) lur hartzen saiatu da eta, gero, bi ordu inguruz zain egon da bigarren lur-hartze saiakera egiteko. Zenbait lekukoren testigantzaren eta hainbat kamerak hartutako irudien arabera, bigarren saiakeran hegazkinak lurra jo du, leherketa handia izan eta hegazkinak sua hartu du.
FZ 981 hegaldiko ia bidaiari guztiak errusiarrak ziren, hiru ukrainar, indiar bat eta uzbekistandar bat salbu. Eskifaia osatzen zuten zazpi lagunetatik bi espainiarrak ziren eta gainerako laurak, ostera, Grezia, Kazakhstan, Kolonbia eta Seychelle uharteetakoak ziren. "Gure datuen arabera, bi espainiar daude hildakoen artean", Espainiako kontsulatuak Sputnik albiste agentzia errusiarrari baieztatu dioenez. Gero, bi espainiarrak kanariarrak zirela jakin da. Hegazkina Dubai eta Rostov arteko bidea egiten ari zen.
Agintariek baztertu egin dute istripua suteak eragin izana eta Instrukzio Batzordeak baieztatu du hegazkinak lur hartzeko pistaren kontra talka egin ostean hartu duela su. Hori dela eta, atentatu terrorista baten hipotesia baztertu egin dute.
Bi dira istripuaren hipotesi nagusiak: eguraldi txarra edo giza-akatsa.
Errusiako Larrialdi Zerbitzuetako ehunka pertsona bertaratu dira istripuaren tokira sua itzaltzera eta hondakinen artean bidaiarien gorpuzkinak eta hegazkin zatiak aurkitu dituzte. Dena den, oraindik ez dituzte kutxa beltzak aurkitu.
Ezbeharra izan den Rostov aireportua itxi egin dute eta, momentuz, hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.