Mundua -
AEB-ko hauteskundeak
Bernie Sanders aise nagusitu da Alaskan, Washingtonen eta Hawaain
Hautagai demokratak bultzada hartu du Hillary Clintonen aurrean. Hautagai demokraten hurrengo hitzordua Wisconsinen izango da apirilaren 5ean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bernie Sanders hautagai demokratak aise irabazi ditu Alaskan, Hawaain eta Washingtonen gaur egin diren 'caucus'ak, Hillary Clinton haren aurkariari alde handia aterata.
Hiru garaipen horien ondotik, Bernie Sandersek bultzada hartuko du Hillary Clintonen aurrean datorren hilabetean AEBko mendebaldean eta ipar ekialdean egingo diren hauteskunde primarioen eta 'caucus'en aurrean.
Sandersek Alaskan banatuko diren 16 ordezkarietako gehienak lortuko ditu, baita Washingtongo estatuko 101 ordezkarietatik gehienak ere. Horiei Hawaiin banatu diren 25 ordezkariak gehitu behar zaizkie.
"Garaipena lortzeko bidean gaude", adierazi du Sandersek emaitzak ezagutu ostean.
Washington, Alaska eta Hawaiiko behin betiko ordezkari banaketaren zain, Sandersek ordezkari andana eskuratu ditu azken astean; izan ere, Idaho eta Utah estatuetan nagusitu zen.
Orain arteko kontaketaren arabera, Hillary Clintonen 1.228 ordezkari eta 469 "superdelegatu" ditu eta Sandersek, ostera, 947 ordezkari eta 29 "superdelegatu".
Demokraten hurrengo hitzordua apirilaren 5ean izango da Wisconsin estatuan eta 86 delegatu egongo dira jokoan. Dena den, Sandersek aukerekin iritsi nahi du ekaineko Kaliforniako hitzordura -475 delegatu banatuko dira-.
Bestalde, errepublikanoek ere apirilaren 5ean egingo dituzte hauteskunde primarioak Wisconsinen. Errepublikanoek dagoeneko botoa eman dute Alaskan eta Hawaiin eta Ted Cruzek eta Donal Trumpek irabazi zuten, hurrenez hurren. Washington estatuan, ostera, ez dituzte maiatzaren 24era arte hauteskunde primarioak egingo.