Mundua -
Larnakako aireportua
Atxilotu egin dute Egiptoko hegazkinaren bahitzailea
Bahiketak ez du terrorismoarekin loturarik izan. Bidaiari guztiak onik atera ahal izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Egyptair konpainiako Airbus A320 hegazkinaren bahitzailea atxilotzea lortu dute Zipreko segurtasun indarrek, Nikos Christodoulides herrialde honetako gobernuaren bozeramaileak jakinarazi duenez.
Zipreko Atzerri Ministerioak Twitterren zabaldutakoaren arabera, bahiketa "amaitu" da, eta bahitzailea "atxilotuta dago". Bahitzailea hegazkinetik ateratzen erakutsi du Zipreko telebista publikoak.
Goiz guztia iraun du bahiketak. Aldean bonba zuela esan du gizonak, eta mehatxupean, hegaldiaren ibilbidea aldatu eta Zipreko aireportuan lur hartzera behar du. Tentsio askoren ostean, bidaiari guztiek hegazkinetik ateratzea lortu dute.
Bahiketak ez du terrorismoarekin loturarik izan, Nicos Anastasiades Zipreko presidenteak BBC telebistari esan dionez. "Emakume batekin bakarrik zerikusia" duela ziurtatu du buruzagiak.
Pilotuak lur hartzeko baimena eskatu du eta hegazkina 08:50ean, Larnakako aireportuan, lurreratu da, Alexandrian (Egipto) aireratu ondoren. CyBC telebista publikoak azaldu duenez, hegazkinak 55 eta 80 bidaiari artean eta zazpi tripulatzaile zeramatzan.
Hegazkina Zipreko hegoaldetik 70 miliara zegoenean, Nikosiako aire espazioan dagoeneko, pilotuak lur hartzeko baimena eskatu du, hegazkina bahitu dutela jakitera eman ondoren.
Pertsona bakar batek
Poliziako bozeramaile batek Cyprus Mail egunkariari jakitera eman dionez, hegazkina pertsona bakar batek bahitu du. A320 Airbusa Alexandriatik abiatu da 08:00etan, eta Kairon lur hartu behar zuen, Reutersen arabera.
EgyptAir konpainiako hegazkin bahitua Larnakako (Zipre) aireportuan. Argazkia: EFE
MS181 hegaldiaren bahiketa baieztatu ondoren, bahitzailearekin "negoziatzen" ari direla esan du konpainiak.
Bahitzailea Seif Eldin Mustafa bezala identifikatu du Zipreko Gobernuak, Ibrahim Samaha Egiptoko herritarra egilea denik baztertuz, Famagusta Gazette bertako egunkariak jakinarazi duenez.
Bahiketaren egilea Mustafa dela adierazi du Nikosiako Exekutiboak, bertako egunkariak Twitter sare sozialean zabaldu duenez. Mustafa Libiakoa dela esan dute bertako komunikabideek, baina agintariek ez dute baieztatu.
Ordu batzuk lehenago, bahitzailea Ibrahim Samaha zela adierazi du MENA Egiptoko albiste-agentziak. Samaha Alexandriako Unibertsitatean Albaitaritza irakaslea den egiptoarra da.