Mundua -

EPAIKETA EGIPTON

Hiru urteko zigorra idazle egiptoar bati, "islama iraintzeagatik"

Fatima Naut idazleak "hilketatzat" jo zuen sakrifizio musulmanaren ospakizuna. Justizia egiptoarrak sare sozialetan argitaratzen diren iruzkinak eta argitalpenak jazartzen eta epaitzen ditu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko auzitegi batek Fatima Naut idazleari ezarritako hiru urteko kartzela zigorra baieztatu du ostegun honetan. Fatima Naut idazle egiptoarrak, Facebooken argitaratu zuen iruzkin batean, sakrifizio musulmana edo "Eid al-Adha" ospakizuna "hilketatzat" jo zuen.

Egiptoko iturri judizialek Eferi jakinarazi diotenez, Kairoko Apelazio Auzitegiak Nauten helegitea atzera bota zuen, Facebooken argitaratu zuen iruzkina "erlijioaren kontrako irain bat" zelako.

Fatima Naut 52 urteko idazle, olerkigile eta ekintzaile egiptoarra da. Idazleak onartu egin zuen, Eferi aurreko urtarrilean egindako adierazpenetan, 2014an idatzi izana bildotsaren sakrifizioa (festa horrek Ramadanaren hilabeteari amaiera ematen dio) "hilketa" bat dela. Geroago, idazleak zehaztu zuen hitz hori esanahi metaforiko batekin erabili zuela. Horregatik, delitu txikien auzitegi batek hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Fatima Naut idazleari 2014an argitaratu zuen iruzkin horrengatik.

Halaber, Nautek bere herrialdeko Justiziarekiko errespetua adierazi du, baina azpimarratu du "triste" sentitzen dela, "Egiptoko pentsamoldea erabaki judizialekin borrokatzen delako, pentsamoldearekin beharrean". "Ez naiz kartzela zigorraren beldur. Guk, idazleok, borondatezko espetxe batean gaude gure bizitza osoan, liburuen azaletan giltzapeturik", idatzi zuen Fatima Nautek Facebooken duen kontuan lehenengo epaia ezagutu zuenean.

Egiptoko Justizia

Egiptoko Justiziak behin baino gehiagotan jazarri eta zigortu ditu sare sozialetan argitaratutako iruzkinak, baina islamean baino ez du irainaren delitua aplikatzen. Zigor-kodeak hiru erlijio monoteisten (judaismoa, kristautasuna eta islama) aurkako isekagatik edo irainagatik sei hilabete eta bost urte bitarteko espetxe zigorra ezartzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook azken albisteak Gaurko azken minutuko albisteak Gaurko azken orduko albistea Egiptoko albisteak