Mundua -

Hauteskundeak

23 milioi perutarrek erabakiko dute zein izango den presidente berria

Hamar hautagai ari dira saiatzen, herrialdeko presidentetza eskuratzeko. Keiko Fujimori da faboritoa: aitak izandako akatsak ez errepikatzea agindu du. Lehen itzulia egingo dute igande honetan.

Ia 23 milioi perutar daude deituta hauteskundeetan. Argazkia: EFE.
Ia 23 milioi perutar daude deituta hauteskundeetan. Argazkia: EFE.
Keiko Fujimori faboritoa, Peruko presidentetza-hauteskundeetan

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peruko ia 23 milioi herritarrek (22.901.954 hautesle daude deituta) erabakiko dute zein izango den herrialdeko presidente berria, Ollanta Humalaren ordez arituko dena. Hauteslekuak irekita daude, eta gauean emango dute jakitera zein emaitza izan diren; Euskal Herrian 1:00ean denean itxiko dituzte hautetsontziak. Lehen itzulia egingo dute gaur.

Laugarren aldiz jarraian egingo dituzte hauteskundeak era demokratikoan. Bi presidenteorde, 130 kongresista eta Andeetako Parlamentuaren aurreko 5 ordezkari ere hautatuko dituzte.

Hamar hautagai daude lehian, tartean bi emakume. Hasiera batean, 19 hautagai zeuden, baina Hauteskunde Epaimahai Nazionalak bederatzi hautagaitza kendu ditu; izan ere, hainbat salaketa izan dira. Ollanta Humalaren ordez arituko da irabazlea; Humalaren alderdiak ez du hautagaitzarik aurkeztu.

Keiko Fujimori, faboritoa

Keiko Fujimori kontserbadorea da faborito nagusia. Emakume honek hitz eman du ez dituela errepikatuko bere aitak egindako hutsak (ustelkeriagatik eta giza eskubideak urratzeagatik dago kartzelan), baina abizenak pisua du, eta askok ez dute nahi "fujimorismoa" berriro nagusitzea Perun.

Alberto Fujimoriren alaba inkesta guztietan agertzen da faborito, boto-asmoaren % 30 baino gehiagorekin, baina ehuneko hori ez da nahikoa bigarren itzulia saihesteko; hortaz, bigarrena ere egin beharko dute, ia seguru. Ekainean izango da hori.

Beste faborito batzuk

Fujimorirekin batera, Pablo Kuczynski ere bada faboritoa. 72 urte ditu, eta oposizioko Aldaketa Handirako Aliantzaren hautagaia da; koalizio horretan hartzen dute parte Alderdi Popular Kristauak, Peruko Alderdi Humanistak, Berrezarpen Nazionala alderdiak eta Aurrerapenaren aldeko Aliantzak. PPK Koalizioa ere esaten diote Perun, presidentegaiaren izenaren lehen hizkiengatik.

Hirugarren tokian, inkesten arabera, Veronika Mendoza kokatzen dago, ezkerreko hautagaia. 35 urte ditu Mendozak, eta inkestetan gora egin du azken asteotan: Kuczynskiren parean ere jarri da. Horrek urduritasuna eragin du finantzen merkatuan; izan ere, eredu ekonomikoa aldatzea proposatzen du.

Alfredo Barnechea idazle, kazetari eta politikaria laugarren tokian kokatzen dute inkestek. 63 urte ditu eta Herri Ekintza alderdiko hautagaia da. 1980an hasi zen politikan, eta Limako alkate izaten saiatu zen, baina ez zen ondo moldatzen alderdikideekin; hori dela eta, dimisioa eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken ordukoa Peru albisteak gaur