Mundua -
Bonba atomikoa
Kerryk Hiroshimako biktimei omenaldi historikoa egin die
Washingtoneko goi-kargudun batek bonbardaketa atomikoaren biktimei omenaldia egiten dien lehen aldia da.
Agentziak | Erredakzioa
Hiroshimako (Japonia) Bakearen Parkea bisitatu du gaur John Kerry AEBeko Estatu idazkariak. Washingtoneko goi-kargudun batek bonbardaketa atomikoaren biktimei omenaldia egiten dien lehen aldia da.
Kerryrekin batera, Erresuma Batuko eta Frantziako agintariak lehen aldiz izan dira bertan. Era berean, Japonia, Kanada eta Italiako buruzagiak Hiroshiman dira, G7ko bileraren markoan.
Atzerri ministroek Hiroshimako Museoa eta Bakearen Parkea bisitatu dituzte eta lore eskaintza egin dute bertako zenotafioan. Historiako lehen bonbardaketa atomikoak 250.000 biktima baino gehiago utzi zituen. AEBeko hegazkinek egin zuten 1945eko abuztuaren 6an.
Tokioren eta Washingtonen arteko aliantza estutzeko eta lankidetza sendotzeko omenaldiaren garrantzia goraipatu du AEBeko Estatu idazkariak bisita baino lehen, iturri diplomatikoen arabera.
‘Hiroshimako adierazpena’
Bakearen Parkeari bisita egin ondoren, buruzagiek ‘Hiroshimako Adierazpena’ izeneko ebazpen bateratua sinatzea espero dute, “arma atomikorik gabeko mundu bat irmo aldarrikatzeko”, Fumio Kishida Japoniako Atzerri ministroak bezperan adierazi zuenez.
Japonia eraso atomiko baten jomuga izan den herrialde bakarra da. G7aren txandakako presidentetza nazioarteko armagabetze nuklearrari bultzada emateko aprobetxatu nahi du Tokiok.