Mundua -
Siriako gerra
Emirerriaren hondakinak
Mikel Ayestaran EiTBk gatazka guneetan duen berriemaile berezia Palmiran (Siria) izan da. Kronika hau idatzi du bertan eginiko hiru erreportajeetan bizi izandakoa azaltzeko. Hirurak atxikita doaz.
Mikel Ayestaran | EiTB
Suntsiketa eta harrapaketa, hori da Siriako zibilek aurkitu dutena Armadak askatu berri dituen Palmiran eta Qariatenen. Armadarekin batera aurrera egin duten miliziek etxeak lapurtu dituzte Estatu Islamikoa taldea menderatu ondoren, eta honek sekulako eragina izan du zibilen artean.
Ibrahim kalifaren jarraitzaileek ezin izan dute Siriako Armadak, Errusiaren laguntzarekin, egin duen azken erasoaldia gelditu. Urtebete egon dira zibilak Palmiratik eta Qariatenetik kanpo, eta pozik itzuli dira, baina borroka eta harrapaketa direla eta, denbora beharko dute bertan bizitzeko. Sirian 6,5 milioi desplazatu utzi ditu gatazkak.
Errusiaren laguntza ezinbestekoa da Siriako Armadak ezarri berri duen egoera azaltzeko. Vladimir Putin presidenteak tropak ateratzeko agindua eman zuen, baina kontrakoa ikusi dugu gure begiekin. Errusiarrak daude han eta hemen, bereziki Palmiran. Tankeak, artilleria piezak, minak garbitzeko taldeak… Errusiak babesten du gaur egun Gobernuaren eta kalifa-herriaren arteko muga.
Orduak eman ditugu errepidean erreportajeak egiteko. Damaskotik kanpo, egoera aldakorra da, eta mugitzea ez da erraza; bereziki askatu berri diren tokietan. Informazio Ministerioko baimena lortu ondoren, Defentsa Ministerioak du azken hitza, eta ofizial batek lagundu digu errepideetan dauden kontrol postuak pasatzen.