Mundua -
AEB
Harriet Tubman, dolar billeteetan agertuko den lehen emakumea
Esklabotzatik ihes egin zuen eta buruzagi abolizionista bilakatu zen Tubman. 2020an agertuko da 20 dolarreko billeteetan.
AGentziak | Erredakzioa
2020ra arte itxaron beharko da, baina 20 dolar billeteek emakume aurpegia izango dute. Harriet Tubman esklabotzatik ihes egin zuen eta buruzagi abolizionista bilakatu zenaren erretratua agertuko da 20 dolar billeteen aurrealdean.
Dolarretan agertzen den lehen emakumea izango da Tubman. Emakumezko esklaboaren aurpegia paratuko dute Andrew Jackson presidente ohiarenaren ordez (billeteen atzealdean agertuko da Jackson). Erabakia atzo jakinarazi zuen AEBko Altxor Publikoak.
Tubman (1820-1913) esklabo izan zen AEBko hegoaldean. Ihes egitea lortu zuen eta beste esklabo batzuei beste hainbeste egiten lagundu zien, Gerra Zibileko buruzagi abolizionistetako bat bihurtuta.
"Tubmanek izandako jarrera adoretsuak eta berdintasunarekiko azaldutako konpromisoak gure demokraziak dituen baloreekin bat egiten dute", arrazoitu du Jack Lew Altxor Publikoaren idazkariak. Lewk dolarretan emakumerik egon gabe "horrenbeste denbora" egon izana deitoratu du.
Tubmanen aurpegia dolarretan ikusteko, baina, lau urte itxaron beharko dira oraindik. AEBko Inprimaketa eta Grabatu Bulegoak denbora behar du makinaria aldatzeko eta segurtasun probak egiteko.
10 eta 5 dolarreko billeteen atzealdean ere aldaketak egingo dituztela iragarri du Lewk. AEBko historiaren une gogoangarriak erakutsiko dituzte, hala nola, emakumeek botoa emateko eskubidearen aldeko borroka eta Martin Luther King aktibistaren hitzaldia.
Women on 20s, aldaketa sustatu duen elkartea
"Emozioak jota gaude esklabotzatik ihes egitea lortu eta askatasunaren alde borrokatu zuen Harriet Tubmanen aurpegia 20 dolarreko billeteetan agertzeagatik", adierazi du Women on 20s emakumeak billeteetan agertzea sustatu duen elkarteak.
"Arrazen arteko berdintasunagatik ez ezik, emakumeen eskubideen alde ere borrokatu zen", nabarmendu dute.
Thanks 2 our supporters.Together, we got it done! #womenon20s loves u & #HarrietTubman #theNew10 #theNew5 #theNew20 pic.twitter.com/gN0RznOh3R
— Women On 20s (@WomenOn20s) 21 de abril de 2016