Mundua -

Lehen urteurrena

Nepalen hasi dira berreraikitze-lanak, lurrikara izan eta urtebetera

Katmanduko Maithigar Mandala plazan ehunka kandela piztu dituzte, biktimak gogoan. Bi milioi herritar baino gehiago aldi baterako aterpetxe ez segurutan daude oraindik.

Omenaldia Katmanduko Maithigar Mandala plazan. Argazkia: EFE
Omenaldia Katmanduko Maithigar Mandala plazan. Argazkia: EFE
Urtebete geroago, Nepalen, milaka lagun daude etxerik gabe

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurrikara batek 9.000 pertsona hil eta ia milioi bat etxebizitza suntsitu zituenetik urtebete igaro denean, Nepalgo Gobernuak ofizialki abiatu ditu etxeak berreraikitzeko lanak.

Tragediaren lehen urtemugan, K.P. Sharma Oli Nepalgo lehen ministroa Sindhupalchok eskualdera joan da bisitan, lurrikarak gehien astindu zuen ingurura, Gobernuak hainbat promesa egin eta oraindik bete ez baditu ere, iragarpen bat egitera.

Chautara hiriburuan, etxebizitza publiko multzo baten lehen harria jarri du lehen ministroak. Bidhya Devi Bhan Nepalgo presidentea, berriz, Gorkha barrutian izan da, lurrikararen epizentroan, eta gauza bera egin du bertan.

Aurretik, Nepalgo lehen ministroak lurrikaran hildakoak omendu ditu Katmanduko toki esanguratsu batean, Dharahara XIX. mendeko dorre ikonikoa zegoen lekuan, hain zuzen ere.

Hiru eguneko bijilia baten hasieran ere hartu du parte, Katmanduko Maithigar Mandala plazan. Hondamendi haren omenez, ehunka kandela piztu dituzte bertan, eta dozenaka pertsona bertaratu dira egun triste hura kandela bat piztuz gogoratzeko.

Handik hurbil, Tundikhel parkean, ehunka lagun bildu dira kontzertu batean, eta kandela bidez berotuta paperezko puxikak aireratu dituzte bertan. Lurrikara izan ondoren, herrialdean kaltedun gehien hartu zituen kanpalekua parke horretan zegoen; gaur egun ez dago kanpadendarik bertan.

Ia milioi bat etxebizitza kaltetu edo suntsitu ziren 7,6 graduko lurrikararen ondorioz. Ordutik, 30.000 soilik berreraiki dituzte.

Nepal lurrikararen urtemuga protestak efe

Nepal lurrikararen urtemuga protestak efe

Nepalgo ekintzaileen protesta bat, lurrikararen lehen urteurrenean. Argazkia: EFE

Bi milioi herritar bizi dira oraindik aterpeetan

Hondamendia izan eta urtebetera, bi milioi herritar baino gehiago aldi baterako aterpetxe ez seguruetan bizi dira oraindik, Oxfam Intermonek salatu duenez. Kalte handiak jasan zituzten zazpi eskualdetan, ia 500.000 pertsonari lagundu dietela azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak, edateko ura, larrialdietarako babeslekuak, elikagaiak, komunak eta oinarrizko beste gai batzuk jarrita horien esku.

Lurrikararen ondorioz, 750.000 etxebizitza baino gehiago kaltetuta edo erabat txikituta geratu ziren.

Gizateriaren ondarea, adreilu pilo bihurtuta

Bakhtapur hiriak, Nepalgo ondare historikoaren harribitxiak, ez ditu oraindik hondakinak gainetik kendu, eta gizateriaren ondarea adreilu pilotan bilduta du gaur egun, herritarrak aurrera egiten saiatzen ari diren bitartean.

Milaka, milioika adreilu geometrikoki pilatzen dira monumentuen inguruan Durbar plazan. Erdi Aroko ?newary? arkitekturaren erakusgarri izan zenak (jauregi itzelak eta luxuzko tenpluak zeuden bertan) Mediterraneoko hondakin erromatarrak edo Estatu Islamikoak suntsitutako Palmira ematen du gaur egun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Hondamendi naturalak Eguneko albisteak 2024ko seismoak