Mundua -

Ukraina

Txernobyl, 30 urte historiako istripu nuklear larriena gertatu zenetik

Urtemugaren atarian “likidatzaileek” protesta egin dute Kieven, Gobernuari diru-laguntzak itzultzea eskatzeko.

Txernobyleko zentral nuklearra (Ukraina). Argazkia: EFE
Txernobyleko zentral nuklearra (Ukraina). Argazkia: EFE
Txernobyleko tragedia oroitu dute Ukrainan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak historiako ezbehar nuklear larriena gogoraraziko du gaur, Txernobyleko laugarren erreaktorearen leherketa, Kievetik 120 kilometrora. Eztandak erradiazioa atmosferara isuri zuen eta Bielorrusiako eta Errusiako eremu zabalak kutsatu zituen.

Urtemugaren atarian "likidatzaileek" protesta egin dute. Ehunka mila pertsona hondamendiaren ondorioak txikitzen saiatu ziren istripu nuklearraren ondoren, eta euren bizitzarekin edo osasunarekin ordaindu zuten.

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak "esklusio eremua" bisitatuko du gaur. Ezbeharraren ondoren 30 kilometroko segurtasun eremua ezarri zuten zentralaren inguruan. 135.000 pertsona baino gehiago eremu horretatik atera zituzten istripuaren ostean. Eztanda 1986ko apirilaren 26an gertatu zen.

"Likidatzaileen" gobernuz kanpoko erakundeek, zentraleko langile ohiek, Parlamentuko diputatuek eta buruzagiek tragediako biktimei omenaldia egingo diete Kieveko Txernobyl elizan. Hala, 01:23ean, eztanda gertatu zen unean, kanpaiak joko dituzte.

"Likidatzaileen" babes soziala

Martxoaren 17an, zentral nuklearreko behargin ohiei eta "likidatzaileei" zenbait kategoria bueltatzeko legea onartu zuen Rada Gorenak (Ukrainako Parlamentua). 2011an diru-laguntza batzuk kendu zizkieten. Orain doako tratamendu medikoak eta diru-laguntzak itzultzea planteatu zuen Parlamentuak.

Era berean, hildako "likidatzaile" batzuen senitartekoei kalte-ordaina ematea planteatu zuen legeak. Hala ere, Poroxenkok araua atzera bota zuen, eta legea Ganberara itzuli zen, zenbait zuzenketa aztertzeko.

Egun batzuk geroago, martxoaren 23an, "likidatzaileen" elkarteetako milaka kidek manifestazioa egin zuten Kieveko erdialdean, Gobernuari diru-laguntzak itzultzea eskatzeko.

260.000 pertsonak "likidatzaile" estatusa dute Ukrainan, baina 800.000 lagunek parte hartu zuten erradiazioa mugatzeko lanetan, zentraleko langileek, suhiltzaileek, soldaduek eta meatzariek, besteak beste. Hondamendiaren lehen egunetan erradiazio dosi ikaragarriak jaso zituzten. 130.000 "likidatzaile" soilik bizi dira egun.

Txernobyleko zentralari jartzeko estalkia efe

Txernobyleko zentralari jartzeko estalkia efe

Sarkofago berriaren eraikuntza Txernobylen (Ukraina). Argazkia: EFE

Sarkofago berria

Ezbehar nuklearra gertatu eta hurrengo hilabeteetan laugarren erreaktorea isolatzeko estalki eraiki zuten, baina orain berria jarri behar diote erradiazioari eusteko.

Horregatik, nazioarteko kontsortzio bat sarkofago berri bat eraikitzen ari da zentralaren alboan, arku formako egitura erraldoi bat (108 metroko altuera, 150 metroko zabalera eta 256 metroko luzera). Urte bukaeran estalki zaharraren gainean jartzea espero dute.

Sarkofago berriarekin laugarren erreaktoreko erradiazioak ihes egitea eragotzi nahi dute agintariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ukraina Garoñako zentral nuklearra