Mundua -

TXINAK BAIDU IKERTUKO DU

Txinak Baidu bilatzailea ikertuko du gazte baten heriotzagatik

Agintariek, "Txinako Google" moduan ezaguna den bilatzailea ikertuko dute, minbizia zeukan gazte baten heriotzan izan ditzakeen ardurak argitzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako agintariek Baidu bilatzaile erraldoia eta Pekineko ospitale bat ikertuko dute minbizia zeukan gazte baten heriotzagatik, izan ere, gazteak gaixotasunaren aurka egiteko bilatzaile horretan aurkitutako tratamendu bat kontratatu zuen.

Wei Zexi , 21 urteko gaztearen heriotzak, sekulako polemika piztu du Txinan eta,  Baiduko iturriek baieztatu dutenez, astelehenean hasi zen ikerketan ahal duten guztian laguntzen ari dira.

Wei gazteari Sinobia Sarkoma diagnostikatu zioten 2014. urtean. Ehun bigunetan eragiten duen tumore kantzerigeno mota bat da. Gaixotasunari aurre egiteko Baidu bilatzailean Pekineko ospitale batek iragartzen zuen tratamendu bat kontratatu zuen.

Gaztearen familia zorpetu ere egin behar izan zen tratamenduak balio zuen 200.000 yuanak ordaintzeko  (27.000 dolar eta 30.000 dolar artean). Tratamenduak ez zuen gazteak espero zituen efektuak lortu eta azkenean, apirilean zendu zen Wei.

Hil baino bi hilabete lehenago, Zhihu izeneko foro batean, tratamendu honen eraginkortasun falta kritikatu zuen, baita ospitalearen iragarkiak zituen gezurrak ere. Modu berean, Baidu bilatzailea ere salatu zuen tratamendu faltsuak iragartzeagatik.

Heriotza honek hautsak harrotu ditu Txinan eta, Baiduren kontrako kritikak geroz eta handiagoak dira, izan ere, beste medikuntza eskandalu batean harrapatu zuten urte hasieran; Hemofiliaren inguruko foroak moderatzeko eskubideak saldu zituen, erabiltzaileak engainatzen zituzten enpresa berdinei.

Praktika hauen kontrako iritziak geroz eta nabarmenagoak dira. Xhinua albiste agentzia ofizialak adibidez, bere azken editorialean, Baiduren praktika hauek gaitzetsi ditu, izan ere, etekin ekonomikoa ardura sozialaren gainetik jarri izana leportazen die.

Baidu konpainiaren arabera, enpresak, agintarien ikerketa begi onez onartu du eta elkarlanerako prest agertu da Interneten agertzen den informazioa “faltsua eta legez kanpokoa” izan ez dadin.

Beste komunikatu batean, Wei gaztearen familiari doluminak eman dizkiotela esan dute.

Tratamendua saldu zuen ospitaleak oraingoz ez du ezer esan baina, Txinako Osasunerako Batzorde Nazionalak ospitaleak ere izan ditzakeen ardurak ikertuko dituela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Txina gaur Gaurko azken orduko albistea