Mundua -

Venezuela

Madurok armada deitu du, balizko estatu-kolpe bati aurre egiteko

Venezuelako presidenteak Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiari leporatu dio atzerriko esku-hartze baten prestaketan egotea; Caprilesek baliogabetzeko erreferendumaren aldeko martxak deitu ditu

Nicolas Maduro, Venezuelako herritarrei emandako hitzaldian. Argazkia: EFE.
Nicolas Maduro, Venezuelako herritarrei emandako hitzaldian. Argazkia: EFE.
Salbuespen ekonomikoaren lege-dekretua hilabetez luzatu du Madurok

0:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak aipatu herrialdeko armadaren jardun militarrak agindu ditu, xede izanik "edozein egoerari aurre egiteko prest egotea"; izan ere, Madurok berak eman ditu atzerrian prestatutako balizko esku-hartze baten berri. Madurok, halaber, esan du prest dagoela hartzeko geldirik dauden enpresak, hau da, jabeek eurek geldiarazitako enpresak, langileei emateko. Henrique Capriles oposiziogileak, bere aldetik, martxa gehiago deitu ditu asteazkenerako; Caprilesek galdatzen du baliogabetzeko errefendumerako sinadurak balioestea.

"Datorren larunbaterako jardun militar nazionalak agindu ditut; Armada, herria eta miliziak deitzen ditut. Edozein egoerari aurre egiteko prest egon behar gara, gure lurra sakratua delako eta errespetatzen irakatsi behar dugu", esan du Madurok Caracasen, mitin batean, milaka jarraitzaileren aurrean.

Agintariak aurreko egunetik ezarria zuen salbuespen- eta larrialdi ekonomia-egoera; hala, eskumena du, besteak beste, haren kontrako balizko estatu-kolpe baten aurka egiteko. Madurok dio Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak parte hartu duela "atzerriko armaden esku-hartzea izateko prestaketa-lanetan".

"Prestatu lurra defendatzeko, gure seme-alabak defendatzeko, bakearen aldeko gure eskubidearen alde egiteko", eskatu zien Madurok jarraitzaileei, bere Gobernua babesteko martxa baten amaieran.

Deitutako jardunekin, Maduroren esanetan, Venezuelako herritarrek honakoa esango diete inperialismoari, nazioarteko eskuinari eta Alvaro Uribe Velezi: "Hemen dago herria, nezakaritza-tresna esku batean duela, eta beste eskuan misil edo tankea dituela, lur sakratu hau defendatzeko".

Madurok berretsi du Uriberen aurkako salaketa; presidenteak dio Venezuelaren aurkako konspirazio bat sustatu duela. Madurok dio Uribek parte hartu zuela bilera batean, Washingtonen, non ustez eskatu zuen esku-hartzea.

"Enpresak hartzeko garaia da"

Madurok, gainera, esan du garaia dela hartzeko geldirik dauden enpresak, hau da, euren jabeek geldiarazi dituzten enpresak, "langileei eman eta iraultza erradikalizatzeko".

"Ni banago prest, ministrook, lagunok, ni prest nago herri-botereari emateko batzuek geldiarazi dituzten plantak", esan zuen Madurok.

"Geldirik dagoen planta, herriari eman behar zaion planta, baina egin dezagun! Egiteko garaia da, prest nago iraultza erradikalizatzeko, garaia da eta ez dugu zalantzarik izan behar, zalantza izatekotan galduko gara", esan du Madurok.

Caprilesek martxa gehiago deitu ditu asteazkenerako

Bitartean, Mirandako gobernatzaile eta lider oposiziogile Henrique Caprilesek deia egin du datorren asteazkenerako; Caprilesek nahi du jendeak martxak abiatzea, herrialde osoan, indargabetzeko erreferendumerako sinadurak balioestea galdatzeko. Caprilesek dio Konstituzioa eta hauteskunde-arauak urratzen ari direla.

Oposizioak egindako elkarretaratze batean, Caprilesek azaldu du sinadurak balioesteko epea ostiralean amaitu zela, eta larunbat honetan prozesua itxi behar zela, gerora egun batzuk emateko balioesten. Hortik aurrera, % 20ko sinaduren bilketa iragarri beharko lukete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken ordukoa Venezuela albisteak Nicolás Maduro