Mundua -
Emakumeen aurkako erasoak
Frantziako 17 ministro ohi, sexu-jazarpenaren aurka
“Ministroak izan ginen, aukeratu gintuzten. Giro maskulino batera heldu diren emakume guztiek bezalaxe, sexismoari aurre egin behar izan genion”, salatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Politikan gertatzen den sexu-jazarpenaren aurrean isilik ez jarraitzeko konpromisoa azaldu zuten Frantziako 17 ministro ohik igandean, egunkari batean. Hala, adierazpen eta jarrera sexistak salatzeko konpromisoa agertu zuten artikulu batean.
“Arrazoi ezberdinengatik politikan parte hartu genuen, ideia desberdinak defendatzen ditugu, baina sexismoak gure gizartean lekurik ez duela uste dugu”, adierazi du dute testuan, Journal du Dimanche-n.
“Ez da gure unibertsoan (politika) bakarrik gertatzen, inondik ere, baina politika eredugarria izan behar da. Legeak idatzi eta bozkatzen dituztenek betearazi behar dituzte, errespetatu behar dituzte eta, beraz, akats gabeak izan behar dira”, erantsi dute.
“Ministroak izan ginen, aukeratu gintuzten. Giro maskulino batera heldu diren emakume guztiek bezalaxe, sexismoari aurre egin behar izan genion”, salatu dute.
“Ez dira emakumeak giro horietara egokitu behar, zenbait gizonen jarrerak aldatu baizik”, azpimarratu dute. Horregatik, adierazpen, keinu eta jarrera sexista guztiak “sistematikoki” salatuko dituztela ohartarazi dute.
Sapin eta Baupin
Michel Sapin Frantziako Ekonomia ministroak kazetari batekin jokabide desegokia izan zuela onartu zuen duela egun batzuk. Bestalde, Asanblada Nazionaleko presidenteordeak dimisioa eman zuen sexu-eskandalu baten ondorioz.
“2015eko urtarrilean Davosera egindako bidaia batean, 20 bat pertsonen aurrean, kazetari baten arroparen inguruko adierazpen bat egin nuen eta nire eskua sorbaldan jarri nion”, azaldu zuen Sapinek agiri batean. Munduko Ekonomia Foroan gertatutakoari buruzko liburu bat idatzi du kazetariak.
Boterearen korridoreetan sexu-jazarpena salatu zuten Frantziako ehunka politikarik asteartean. Zigorrik gabe geratzen diren jarrera horien inguruan, mafiaren antzera, isiltasunaren legea inposatzen ari dela gaitzetsi zuten, Denis Baupin Asanblada Nazionaleko presidenteordeak dimisioa eman eta egun bat geroago.