Mundua -

Epaiketa historikoa

Argentinak Condor planagatik epaitutako 17 lagunetatik 15 zigortu ditu

Condor plana egon zela onartzen duen lehendabiziko epaia da. Latinoamerikako diktaduren artean aipaturiko ituna egin zuten informazioa trukatzeko eta oposizioko kideak hiltzeko.

Argentina, Condor planeko buruak zigortzen dituen lehendabiziko herrialdea. Argazkia: EFE
Argentina, Condor planeko buruak zigortzen dituen lehendabiziko herrialdea. Argazkia: EFE
Argentina, Condor planeko buruak zigortzen dituen lehendabiziko herrialdea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Justiziak 8 eta 25 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri die Condor planagatik epaitutako hamazazpi lagunetatik hamabosti eta beste bi lagun absolbitu egin ditu, luzea izan den epaiketa historiko baten ondotik. Condor plana, Latinoamerikako diktaduren artean hitzartutako egitasmoa izan zen informazioa trukatzeko eta oposizioko kideak hiltzeko.

Buenos Airesko epaitegi batek 25 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri die 17 akusatuetako 15i, zilegi ez diren elkarteak osatzea leporatuta. Zigortutako guztiak argentinarrak dira bat izan ezik.

Reynaldo Bignone Argentinako azken diktadorea (1982-1983) 20 urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Condor planaren baitako hilketengatik. Zehatz-mehatz esanda, zilegi ez diren elkarteak osatu izanaren erantzukizun penala izatea egotzi dio epaimahaiak. Gainera, 40 urteko inhabilitazio berezia ezarri diote.

Auzibidea 22 akusaturekin hasi zen, baina epaiketak iraun duen bitartean horietako bost auzitik kanpo gelditu dira, hil egin direlako -tartean, Jorge Rafael Videla diktadorea- edota osasun arrazoiengatik prozesutik bereizi egin dituztelako -Espejo de Mendoza, Carlos Horacio Tragant eta Juan Avelino Rodríguez, kasu-.

Condor planaren inguruan Latinoamerikan egin den lehendabiziko epaiketa da Argentinakoa, eta 16 urte iraun du. Aipaturiko epaiketan Argentinako, Boliviako, Brasilgo, Txileko, Paraguaiko eta Uruguaiko diktadurak ikertu dituzte gutxienez 106 pertsona hiltzeagatik -45 uruguaitar, 22 txiletar, 15 paraguaitar, 13 boliviar, 10 argentinar eta ekuadortar bat-. Condor plana egon zela onartzen duen lehendabiziko epaia da Argentinakoa.

Zigortutako gehienak ez ziren epaiaren irakurketan egon, bai ordea giza eskubideen aldeko erakundeak eta biktimen senideak. Nora Cortiñas Maiatzeko Plazako Amen elkarteko kideak hedabideen aurrean azaldu duenez, pertseberantziak fruituak ematen ditu; izan ere, ez ei dute "inoiz etsi". Dena den, atsekabetuta agertu da bidean errepresiogile asko hil egin direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken orduko albistea