Mundua -
Zientzia
Antibiotiko gogorrenak ere eragiten ez dion bakterio bat topatu dute
Lehendabizikoz azaroan antzeman zuten 'Escherichia coli' bakterioaren aldaera bat ei da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antibiotiko gogorrenekiko ere erresistentea den bakterio bat antzeman dute AEBn. Adituen esanetan, lehendabizikoz azaroan antzeman zuten 'Escherichia coli' bakterioaren aldaera batek botiken eraginkortasunaren amaiera ekar dezake.
"Oinarrian aurkikuntza horrek erakusten digu antibiotikoen bidearen amaiera gertu dagoela. Agian litekeena da, hemendik gutxira, gaixotasun batzuei aurre egiteko antibiotikorik ez izatea", adierazi du Tom Frieden CDC Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroko zuzendariak The Washington Post egunkariari esan dionez.
Defentsako ikertzaileek aipaturiko bakterioa antzeman zuten departamentuari lotuta lan egiten duen Pensilvaniako 49 urteko emakume baten gernuan, AEBko osasun agintariek hainbat hedabidetan azaldu dutenez. Antza denez, emakumea ez da herrialdetik atera azken bost hilabetetan.
Bakterio horren andui edota aldaerak colistinarekiko erresistentzia du; hain zuzen ere, osasun agintariek gainditzeko zailak diren bakterioei aurre egiteko erabiltzen duten antibiotikoa da hori.
Aurkikuntza horrek "botika guztiekiko erresistentea den bakteria bat dagoela iragartzen du", Antimicrobial Agents and Chemotherapy aldizkari espezializatuan argitaratutako ikerketa batean Defentsako ikertzaileek azaldu dutenez.
"mcr-1" izeneko geneak egiten du arriskutsu aipaturiko bakterioa eta iragan azaroan aurkitu zuten lehendabizikoz Txinako pertsona eta animalia batzuetan.
"Bakterioek genean beren artean zabaldu ditzaketenez, orain arte ezagutzen ditugun antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak ikusiko ditugu. Eta hori, jakina, etorkizun beldurgarria da guretzat", esan dio CDCko Peth Bellek PBSri.
Esate baterako, ERC bakterioak colistinarekiko erresistente bihurtzen bada, ezinezkoa ei litzateke horri aurre egitea.
Aipaturiko bakterioak 600 pertsona hiltzen ditu urtean AEBn eta 2015ean herrialdeko 44 osasun zentrotan antzeman zuten.
"Bakterioak azkar ugaltzen direnez, batzuetan, zenbait aldaerek mutazioak jasaten dituzte eta, ondorioz, antibiotikoekiko erresistente bihurtzen dira", azaldu du Bellek.
"Horrek, jakina, antibiotikoak momentu zehatzetan eta dosi jakinetan erabiltzearen garrantzia azpimarratzen du; izan ere, antibiotikoen gehiegizko erabilerak bakterioek erresistentziarako gaitasuna garatzea bultza dezake", gaineratu du.
Friedmanen esanetan, "antibiotikoaren osteko mundu bat izateko arriskuan gaude" eta horrek eragina izango luke pneumonia edota gernu infekzioak dituzte gaixoengan ez ezik, minbizia dutenengan ere".