Mundua -
Ezbeharra
Hamaika zauritu Parisen, tartean haurrak, tximista batek jota
Zauritutakoak urtebetetze jai batean parte hartzen ari ziren, eta horietako zenbait larri daude.
Agentziak | Erredakzioa
Guztira hamaika pertsona, horien artean zenbait adingabe, zauritu dira larunbat honetan Parisen tximista baten eraginez, Frantziako hiriburuko Zortzigarren Barrutian dagoen Monceau parkean urtebetetze jai batean parte hartzen ari zirela.
Gertakaria 15:00ak aldera gertatu da, "tximista batek zortzi ume eta hiru adineko jo dituenean", Le Parisien egunkariak jasotzen dituen Poliziaren adierazpenen arabera. "Sei pertsona oso larri daude, eta beste bosten larritasun maila ez da hain handia", gaineratu du Poliziak. Zauritu diren haurrek 7 eta 14 urte bitartekoak dira.
"Zoritxarrez, urtebetetze jai bat ospatzen ari ziren tximistak jo dituenean", adierazi du barrutiko alkate ordeak egunkari berari. "Guztiok egin dugu jauzi. Ni 300 metrora nengoen. Bospasei kasu larri daude, eta krisialdietarako zelula bat eratu da", zehaztu du.
Paris ez zegoen Frantziako meteorologia agentziak ezarritako alerta laranjaren eraginpean.