Mundua -
Hondoratzeak Mediterraneoan
900 pertsona inguru hil dira Mediterraneo itsasoan, astebetean
Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak egindako balantzearen arabera. Halaber, Italiako kostazainek 14.000 pertsona erreskatatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
900 pertsona inguru hil dira Mediterraneo itsasoan azken astean, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak itsas salbamenduko arduradunek eta Italiako bitartekoek emandako datuak aintzat hartuta egindako balantzearen arabera.
"900 pertsona inguru hil dira astebetean Mediterraneoan. Europa, hau jasanezina da", adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak bere Twitter kontuan. "Ez dugu zehatz-mehatz inoiz jakingo zenbat pertsona hil diren", gaineratu du.
Bestalde, Italiako kostazainek 14.000 pertsona erreskatatu dituzte epe berean.
Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, epe laburrean gora egingo du itsasoz Europara iritsi nahian dabiltzanen kopuruak, batez ere, itsasoaren baldintza onek lagunduta.
OIM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, 320.000 etorkin baino gehiago iritsi ziren 2014 eta 2015 urteen artean Italiara. Halaber, tarte horretan 7.000 pertsona hil ziren.