Mundua -
Alerta
Europara bidaiatzeko alerta AEBn, atentatuen arriskua dela eta
Eurokopa, Frantzokai Tourra eta Gazteriaren Nazioarteko Eguna (Krakovian) aipatu dituzte terroristen helburu nagusi gisa.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Batuetako Estatu departamentuak Europara bidaiatzeko alerta bidali du, "eraso terroristen arriskua" dagoelakoan, bertako "ekitaldi handi eta toki turistikoen aurka".
Washingtonek azaldu du "udan Europara joaten diren turista kopurua dela eta, terroristen helburua izango da, bereziki ekitaldi jendetsuetan eta publikoetan". Hain zuzen ere, Eurokopa (Frantzian egingo dute, ekainaren 10etik uztailaren 10era), Tourra (uztailaren 2tik 24ra) eta Krakovian egingo duten Gazteriaren Nazioarteko Eguna (uztailaren 26tik 31ra) aipatu dituzte helburu nagusi gisa.
"Estatu Batuetako hiritarrek jakin behar dute bertako azpiegiturak kolapsatu daitezkeela, bisitari kopuru handia dela eta", azpimarratu dute.
Estatu departamentuak gomendatu du Europako gaurkotasunaren berri izatea, bertako agintarien argibideak jarraitzea eta segurtasun kontrol zorrotzetarako prestatuta egotea.
"Europako agintariek pausuak eman dituzte segurtasun publikoa bermatzeko eta terroristen planak bertan behera uzteko. Guk kontaktuan jarraitzen dugu gure aliatuekin eta informazioa partekatzen dugu, mehatxu terroristak ekiditeko", gaineratu dute.
Azken urteotan, hainbat eraso terrorista izan dira Europan, gehienak Frantzian. Indartsuena iragan azaroaren 13an izan zen Parisen, 130 hildakorekin.