Mundua -
Polemika
40 tigre kume hilda aurkitu dituzte Thailandiako tenplu batean
Tenplua animalia-trafikoa egiteko zentro bat dela salatu dute ekintzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Thailandiako agintariek 40 tigre kume hilda aurkitu dituzte animalia horiek turistak erakartzeko erabiltzen dituen tenplu batean, Khao Sod webguneak jakinarazi duenez.
Ekintzaileek urteak daramatzate tenplu hori salatzen, horren benetako helburua animalia-trafikoa estaltzea delakoan.
Hain zuzen ere, Pha Luang Ta Bua Yanasampann da tenpluaren izena, baina Tigreen Tenplua ezizenarekin da ezagun, eta Kanchanaburi probintzian dago, herrialdeko mendebaldean.
Hildako tigre kumeekin batera, Parke Naturalak Babesteko Saileko teknikariek hainbat espezie babestutako gorpuak ere atzeman dituzte.
Astelehenean, agintariak tenpluko tigreak erreskatatzen hasi ziren. 147 daude guztira, eta dagoeneko 40 eraman dituzte.
Tenplua 2001ean ireki zuten. Orduan zazpi tigre zituen, turistak erakartzeko. Bisitariek animaliekin argazkiak egiten zituzten, eta animaliak drogatuta zeudela ematen zuen. Horregatik, ekintzaileek gogor kritikatu dute tenplua.
Tigre kumeen gorpuez gain, hainbat organo ere atzeman dituzte. Animalia-trafikoa egiteko zentroa den hipotesiak baieztatuko luke horrek.