Mundua -

Brooklyn (New York)

Hillary Clinton: 'Lorpen gogoangarria da'

Hamarkadetan zehar ideia progresisten alde borroka egin duten “belaunaldien” garaipena dela esan du Clintonek. Zentzu horretan, emakumeen lana goraipatu du.

Hillary Clinton Brooklynen (New York). Argazkia: EFE
Hillary Clinton Brooklynen (New York). Argazkia: EFE
Hillary Clinton, lehen emakume presidentegaia

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken hilabeteetako barne-hauteskunde demokratak irabazi ditu Hillary Clintonek.

“Gure historian aurrenekoz emakume bat presidentegai izendatuko du bi alderdi politiko nagusietako batek”, adierazi du lehen dama ohiak Brooklynen (New York).

“Zuei esker, lorpen gogoangarria da”, esan du Estatu idazkari ohiak hunkiturik, une historikoa delako.

Gaur beste sei estatutan barne-hauteskunde demokratak egin behar zituzten gaur, New Jerseytik Kaliforniara. Bernie Sanders senatariaren ordezkari kopurua aise gainditu du Clintonek.

Presidentegai ofizialki izendatuko dute konbentzio demokratan, uztailaren 25etik 28ra.

Hitzaldian, hamarkadetan zehar ideia progresisten alde borroka egin duten “belaunaldien” garaipena dela esan du Clintonek. Zentzu horretan, emakumeen lana goraipatu du.

Batasuna

Sanders zoriondu du buruzagiak, lehia “aparta” izan delako. Ideia “oso onekin” Sandersek Alderdi Demokratari eta AEBri egindako ekarpena azpimarratu du Clintonek.

“Baturik indartsuagoak garela badakigu”, nabarmendu du Clintonek, barne-hauteskundeak amaitu ondoren, demokraten arteko batasuna aldarrikatzeko.

Sandersek ez du etsiko

Bestalde, izendapen demokrata lortzeko, uztaileko konbentzio nazionala egin arte kanpainarekin jarraituko duela iragarri du Bernie Sanders Vermonteko senatariak.

Sandersek Santa Monikan (Kalifornia) egin ditu adierazpenak, Clintonek bere burua garailetzat jo eta ordu batzuk geroago.

“Washington D.C.ko barne-hauteskundeak irabazteko gogor borroka egingo dugu, eta ondoren justizia sozial eta ekonomikoren aldeko borroka Filadelfiara eramango dugu”, adierazi du Sandersek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak berriak Hauteskundeak AEB albisteak Eguneko albisteak Donald Trump Hillary Clinton Hillary Clinton biografia