Mundua -
Erasoa Mardinen
Beste atentatu bat izan da Turkian: 3 lagun hil eta 30 zauritu dira
Bonba-auto bat zartarazi dute Mardin hiriko (Turkia hego-ekialdea) polizia etxe batetik gertu.
Agentziak | Erredakzioa
Bonba-auto batek eztanda egin du asteazken honetan Mardin hiriko (Turkia hego-ekialdea) polizia etxe batetik gertu, eta hiru lagun (bi zibil eta polizia agente bat) hil, eta beste 30 lagun zauritu dira, Binali Yildirim, Trukiako lehen ministroak informatu duenez.
Hiriko kale jendetsuenetako batean jazo da erasoa, Turkian 11:00ak zirenean (08:00 GMT). Leherketak kalte ugari egin ditu komisarian eta inguruko eraikietan; sutea ere piztu da.
Asteartean Istanbulen izandako atentatuaren ondotik dator gaurkoa. 11 lagun hil eta 30 baino gehiago zauritu ziren. Gobernuak PKK alderdi kurduko militanteei egotzi die erasoa.
Hain justu, hau ere PKKri leporatu diote Turkiako hedabideek.
Turkiako Segurtasun iturrien arabera, Mardingo polizia etxearen eremura sartu nahi zuen ibilgailu bat atzeman dute goizean. Poliziek tiro eginez erantzun diote, eta orduan egin du eztanda bonbak.
Hürriyet egunkariak zabaldutako informazioak dio ustezko gerrillari eta agenteen artean tiroketa izan dela eztandaren ostean.