Mundua -

Arrazagatiko gatazka AEB-n

Dallaseko tiroketaren susmagarria tiroz hil du Poliziak

Armatutako gizona garaje batean egon da ordubetez. Ingurua bonbez josi duela iragarri du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dallaseko tiroketaren susmagarri bat zelakoan, garaje batean setiatuta zegoen gizona tiroz hil du Poliziak. Armatutako bi gizonek bost agente hil eta beste sei pertsona (bost agente eta zibil bat) zauritu dituzte Poliziak herritar beltzekiko duen jarrera salatzeko manifestazio baten ondoren.

Gizonak aurrez ohartarazi duenez, "amaia gertu dago",  eta polizia agente gehiago "zauritzeko eta hiltzeko" asmoa du, David Brown Dallaseko poliziaburuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Susmagarriak negoziatzaileei esan dienez, garajearen ingurua bonbez josi du.

Nahasmen handia dago susmagarrien eta atxilo hartutakoen inguruan. Izan ere, oraindik zehazteke dago setiatuta duten pertsona hori hirugarren susmagarria ote den, edota atxikita zutenetako bat.

Gizonak bonba ugari jarri omen ditu garajearen inguruan, eta hori dela eta, polizia tentu handiz ibili da.

"Ez dakigu susmagarri guztiak atzeman ote ditugun", esan du Brownek. Poliziaburuak tiroketa jazo den lekura ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei. Hiriko aire-eremua itxi egin dute, badaezpada.

"Oraingoz, hipotesi guztiak zabalik ditugu", aitortu du Dallaseko agenteen arduradunak. Haren hitzetan, tiro egin zuten bizpahiru pertsonek estrategikoki jarrita zeuden agenteak bete-betean harrapatzeko.

Bost polizia hil dira

Dallaseko Poliziak goizean baieztatu duenez, larri zaurituta zegoen bosgarren agente bat hil da.

"Beste bat galdu dugu. Agente bat hilda", iragarri du indar polizialak Twiterren duen kontuan.

Hiru lagun, atxikita

Tiroketarekin zerikusia dutelakoan, hiru lagun atxiki ditu Poliziak azken orduetan. Emakume bat eta auto batean zihoazen bi gizon dira.

Aurrez, ustezko susmagarri baten argazkia zabaldu du Poliziak, eta gizona berehala joan da polizia-etxera. Handik gutxira askatu dute, tiroketarekin zerikusirik ez duelako.

Tiroketako susmagarria Dallas efe

Gizon honen argazkia zabaldu du Poliziak. EFE

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken orduko albistea