Mundua -

Estatu kolpe saiakera Turkian

Nazioarteak Turkian izandako estatu kolpe saiakera gaitzetsi du

Gainera, Turkiako legezkotasunari babesa eskaini dio. Bestalde, NBEk, AEBk, EBk, Frantziak, Alemaniak, Errusiak eta Erresuma Batuak Turkiako presidentea defendatu dute.

Barack Obama izan zen lehendabiziko buruzagia Turkiako estatu kolpe saiakera gaitzesten. EFE
Barack Obama izan zen lehendabiziko buruzagia Turkiako estatu kolpe saiakera gaitzesten. EFE
Nazioarteak Erdoganen gobernuarekin bat egin du

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko komunitateak Turkian bart izandako estatu kolpe saiakera gaitzetsi eta Turkiako legezkotasuna babestu ditu.

Aldi berean, NBEk, AEBk, Europar Batasunak, Errusiak, Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak, Espainiak eta Iranek, besteak beste, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea defendatu dute.

Barack Obama AEBko presidenteak azaldu duenez, "Turkiako alderdi politiko guztiek herriak demokratikoki aukeratutako Gobernua babestu behar du (...) eta edozein eratako indarkeria edota odol isuria eragotzi". Obamak John Kerry AEBko Estatu idazkariari telefonoz dei egin zion eta horrek aldi berean Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroari AEBk Erdoganen Gobernua eta Turkian demokratikoki aukeratutako erakundeak babesten dituela helarazteko. Obama izan da, hain zuzen ere, nazioarteko buruzagien artean hitz egiten lehena. Haren ondotik, erreakzio soka luzea izan da.

Europar Batasunak (EB) ere haren babesa eskaini die erakunde demokratiko guztiei eta ahalik eta azkarren Turkian ordena konstituzionala berrezartzea eskatu du. EBko hainbat buruzagi Mongoliako Ulan Bator hirian harrapatu ditu Turkiako estatu kolpe saiakerak; izan ere, Asiako eta Europako herrialdeen artean foroa egiten ari dira. Bien bitartean, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak ziurtatu duenez, Turkiak krisi hori nola gainditzen duenaren araberakoak izango direla Turkia eta Europar Batasunaren arteko etorkizuneko harremanak.

Frantziak Turkiako "ordena demokratikoa" errespetatzea eskatu du eta "indarkeria oro" saihesteko deia egin du, Atzerri Ministerioak bidalitako ohar batean.

Antzera mintzatu da Alemaniako Gobernua ere eta Turkiako ordena demokratikoa errespetatu behar dela esateaz gain, herritarrak babesteko ahal den guztia egitea eskatu du.

Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroak Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin mintzatu ostean esan du "demokratikoki" aukeratutako Gobernua babesten duela Erresuma Batua.

Errusiako Atzerri Ministerioak ere haren babesa eskaini dio Turkiako Gobernuari komunikatu batean. Azken asteetan bi herrialdeen arteko harremanak bere onera etortzen hasi dira, epe luze batean bi aldeen arteko harremanak etenda izan ostean.

Iranek Turkiarekin dituen diferentziak tarte batez alboratu eta Erdoganen Gobernuari erabateko babesa eskaini dio. "Turkiako legezko Gobernua babesten dugu eta edozein eratako estatu kolperen kontra gaude, barruan sortutakoak edota atzerritarrek babestutakoak izan", adierazi du Irango Segurtasun Kontseiluko idazkariak.

Mariano Rajoy jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak bere aldetik Turkiako demokrazia konstituzionala babestu du eta Turkia herrialde "laguna eta aliatua" dela nabarmendu du.

Bestalde, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ere ildo beretik hitz egin du eta Turkiako erakunde demokratikoekiko errespetua eskatu du komunikatu batean: "Lasaitasuna eta Turkiako erakunde demokratikoekiko eta bertako Konstituzioarekiko errespetua eskatu nahi ditut. Turkia NATOren aliatu garrantzitsua da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Ameriketako Estatu Batuak albisteak Barack Obama Eguneko albisteak Turkia