Mundua -

Urrituen egoitza batean

Gizon batek 19 pertsona hil ditu Tokiotik gertu

26 urteko ustezko erasotzailea zentroko langile ohia zen. Bere burua polizia-etxean entregatu du. “Pertsona urrituak mundu honetatik kanpo nahi ditut”, adierazi du gizonak.

Hilketak urrituen egoitza batean, Sagamihara (Japonia). Argazkia: EFE
Hilketak urrituen egoitza batean, Sagamihara (Japonia). Argazkia: EFE
19 lagun hil eta 25 zauritu dituzte Japonian, urrituen egoitza batean

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek 19 pertsona hil eta beste 25 zauritu ditu urrituen egoitza batean, Sagamiharan (Japonia), Tokioko kanpoaldean, Poliziak jakitera eman duenez.

Ustezko erasotzaileak 26 urte ditu eta zentroko langile ohia da. Bere burua polizia-etxean entregatu du, Kyodo albiste-agentziak azaldu duenez.

Erruduna dela aitortu ondoren, Satoshi Uematsuk hurrengoa ziurtatu du: “pertsona urrituak mundu honetatik kanpo nahi ditut”, poliziek Asahi egunkariari jakinarazi diotenez.

Hiru labana

Polizia-etxean agertu denean, Uematsuk poltsa batean gutxienez hiru labana zeramatzala esan dute Japoniako komunikabideek, horietako batzuk odoleztaturik.

Erasotzailea urrituen egoitzako lehen solairuko leiho bat hautsi ondoren sartu da eraikinean, bertako buruzagiek prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Shinya Sakuma Kanagawako osasun eta ongizate arduradunak baieztatu duenez, Uematsuk zentroan lan egin zuen 2012ko abendutik otsailaren 19ra arte.

Hildakoak 18 eta 70 urte arteko bederatzi emakume eta hamar gizon dira, larrialdi zerbitzuek baieztatu dutenez.

Zaurituak inguruko ospitaletara eraman dituzte. Horietako batzuk lepoan labankadak dituzte eta oso larri daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia Eguneko albisteak