Mundua -
Atentatua Normandian
Babes gehiago eskatu dute Frantziako buruzagi erlijiosoek
Jihadistek "ordezkari xumeena ere jomuga" dutelako babes gehiago eskatu diote Hollande presidenteari.
Agentziak | Erredakzioa
Atzo Normandiako eliza batean izandako atentatu jihadistaren ondotik, gurtza zentroak gehiago babesteko eskatu diote Frantziako buruzagi erlijiosoek Francois Hollande presidenteari.
Hollandek harrera egin die Frantziako musulmanen, kristauen eta juduen buruzagiei, eta bileraren ondoren, prentsaurrekoa eskaini dute denek batera.
Dalil Boubakeur Parisko Meskita Handiaren erretoreak nabarmendu duenez, "espero dugu juduen, kristauen eta musulmanen gurtza zentroak hobeto zainduko dituztela, ikusita ordezkari xumeena ere jomugan jarri dutela". Rouvray herriko Saint-Etienne elizan izan zen atzoko atentatua, bi ekintzailek apaiz bat hil zuten, lepoa moztuta. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.
Boubakeurrek "blasfemiazko sakrilegiotzat" jo du Jacues Hamel apaizaren hilketa. "Islametik kanpo dagoen ekintza da, eta Frantziako musulmanek gogor gaitzetsi dute2, erantsi du buruzagi musulmanak. Haren hitzetan, erlijioen artean zegoen batasuna hautsi nahi dute "kriminal horiek".
Andre Vingt-Trois Frantziako Gotzainen Biltzarreko presidente eta Parisko artzapezpikuak mezua bidali nahi izan die katolikoei: "Ez zaitezte mendeku egarrian erori, eta ez galdu zuon fedea. Ezin gara Daeshen joko politikoa jausi, aurrez aurre ipini nahi gaituztelako".
"Frantziako erlijio ezberdinen artean harreman bereziki ona izan dugu, eta gure gizartearen batasunerako garrantzitsua da", adierazi du Vingt-Troisek. Haren berbetan, ISISen "propaganda ekintzak erronka uzten digu: Zein da gure Jainkoa, bizitzarena edo heriotzarena?".
Normandiako atentatuaren ondorengoak aztertu ditu Francois Hollandek gobernuko segurtasun eta defentsa arduradunekin. Pragara bidaia zuen antolatuta arratsaldean, baina bertan behera utzi du.