Mundua -
Belgika
Belgikak Charleroiko erasoa 'terrorista' izan zela baieztatu du
Gizonezko batek bi poliziari matxetez eraso zien eta erasoa gauzatzean Allahu akbar (Ala handia da) oihukatu zuen. Ondoren, beste agente batek tiroz eraitsi zuen eta ospitalean hil zen.
Agentziak | Erredakzioa
Charles Michel Belgikako lehen ministroak gaur baieztatu duenez, larunbatean matxete batekin bi poliziaren aurka Charleroi hirian egindako erasoa "hilketa terrorista saiakera" bat izan zen, eta tragedia handiagoa ekiditea lortu zela, gaineratu du. Hala jakinarazi du RTBF telebista-kateak.
Igande honetan, Bruselan, segurtasun-zerbitzuekin batzartuta egon ostean, Michelek prentsaurrekoan esan du larunbateko erasoaren ondotik segurtasun-neurri gehiago aztertzen ari direla.
Ministroak baieztatu duenez, Fiskaltzak "hilketa terrorista saiakera" oinarritzat duen ikerketa zabaldu du, erasoaren egilearen egintzak eta adierazpenak kontuan hartuta. Michelek segurtasun-indarren lana azpimarratu du, eta elkartasuna adierazi die "ekintza doilorra eta tragikoa" jasan zuten bi emakumezko poliziei. "Modu eredugarrian erantzun dute", azaldu du.
Ministroaren arabera, Frantziako atentatuen ostean, argi geratu da poliziak ere terroristen xede direla, eta erne jarraitzera deitu du. "Gur burua erne daukagu eta erne jarraitzen dugu. Egoera berri baten aurrean gaude azken hilabeteetan Europan. Ez da Belgikari bakarrik dagokion egoera bat, baizik eta Europari", esan du.
Charleroiko erasoa
Erasoa larunbatean 14:00ak aldera jazo zen Charleroi herriko polizia-etxearen kontrolgunean. Bertatik igarotzen ari zela, erasotzaileak matxetea motxilatik atera eta bi emakumezko poliziaren aurka ekin zuen.
Poliziaren iturrien esanetan, gizona bi agenteen aurka oldartu zen Allahu akbar (Ala handia da) oihukatzen zuen bitartean. Horren ostean, beste agente batek tiroz eraitsi zuen erasotzailea eta ospitalean hil zen.
Zaurituei dagokienez, emakumezko polizietako batek zauri sakonak izan zituen eta bertako Notre Dame ospitalera eraman behar izan zuten. Bere kideak, ostera, zauri arinak besterik ez zituen izan.
Charleroiko erasotzailea bere 'soldadua' zela ziurtatu du ISISek
Estatu Islamikoak (ISIS) ziurtatu duenez, Charleroiko erasotzailea bere 'soldaduetako' bat zen. Amaq agentziaren arabera, Iraken eta Sirian ISISen kokaguneak bonbardatzen dituen nazioarteko koalizioko kideei eraso egiteko deialdiaren erantzuna izan da.
Bestalde, Belgikako Fiskaltzak gaur adierazi du 33 urteko aljeriarra zela eta delitu arruntengatik aurrekariak zituela, baina ez terrorismoagatik. Aipaturiko iturriaren arabera, 2012. urteaz geroztik Belgikan bizi zen.
Matxete bat zeraman gizonezko bat atxilotu dute Liejan
Belgikako poliziak matxete bat zeraman gizonezko bat atxilotu du igande honetan Liejan.
Poliziak abisu bat jaso du gaur goizean Carré auzoan gizonezko bat matxete batekin zebilela ohartaraziz. Horren ostean, segurtasun-indarrek gunea hustea erabaki dute, eta gizona atxilotu dute biktimarik edo zauriturik izan gabe.
Atxilotua 20 urteko turkiar bat da. Hasierako ikerketen arabera, ez du matxetea erabili eta ez zeukan aurrekariri penalik.