Mundua -
Estatu-kolpe saiakera
Milioi bat lagun baino gehiagok egin dute bat Erdoganen deialdiarekin
Heriotza zigorra berrezarriko duela aldarrikatu du, baldin eta ekimenak legebiltzar nazionalaren oniritzia jasotzen badu.
Agentziak | Erredakzioa
Milioi bat lagundik gora batu dira gaur Istanbulen Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak deitutako manifestazioan. Manifestazioaren xedea Estatu-kolpe saiakera gaitzestea zen, Mendebaldean Erdogan egiten ari den garbiketa eta atxiloketa masiboen aurkako kritikak zabaldu direnean.
Martxak "Demokraziaren eta Martirien alde" zuen lelotzat, eta Erdoganen jarraitzaileek azken hiru asteetan gauero egin dituzten manifestazioen osteko une gorena nabarmendu du.
Fetulá Gulen klerikoa hizpide nagusia izan dute mitineko hizlariek. Ameriketako Estatu Batuetan bizi den Gulen dute Estatu-kolpearen arduradun nagusitzat. AKP alderdiak 2002an boterea eskuratu zueneko hasierako urteetan Erdoganen aliatua izan zenak, ukatu egin ditu akusazioak eta kolpea salatu du.
Estatu-kolpe saiakera gertatu zenetik, Turkiako agintariek milaka pertsona zigortu, atxilotu edota ikerketapean jarri dituzte, tartean soldaduak, poliziak, epaileak, kazetariak, medikuak eta funtzionario publikoak. Horrek guztiak ardura piztu du Mendebaldeko aliatuengan, euren aburuz, Erdogan bere boterea sendotzeko erabiltzen ari baita gertakari horiek.
Heriotza-zigorra
Erdoganek, berak egindako mintzaldian zehar, heriotza-zigorra berrezarriko duela aldarrikatu du, baldin eta ekimenak legebiltzar nazionalaren oniritzia jasotzen badu.
Herrialdeak 2014an deuseztatu zuen heriotza-zigorra, baina 20 urte zeramatzan inor exekutatu gabe.
"Heriotza-zigorra berriro ezartzea proposatu duzue. Legebiltzarraren esku geratzen den kontua da hori. Kontuan hartu behar da badela heriotza-zigorra AEBn, Txinan eta beste zenbait herrialdetan", adierazi du Erdoganek bere mitinean zehar.