Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Protestak Milwaukeen, Poliziak gizon beltz bat hil eta gero
16 urteko gazte bat eta lau poliziak zauriak izan dituzte, agintariek plazaratutako datuen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Manifestari taldeak Milwaukee hiriko (Wisconsin, AEB) kaleetara atera dira larunbat gauean, eta istiluak izan dituzte Poliziarekin, agente batek armatuta zegoen gizonezko beltz bat hil eta gero, hura jazartzen ari zela.
Manifestariek harriak eta adreiluak jaurti dizkiete agenteei, eta gasolindegi bati eta zenbait saltokiri su eman diote, batez ere afroamerikarrak bizi diren auzoan. Auzo horretan hil du tiroz Poliziak gizona.
16 urteko gazte bat eta lau poliziak zauriak izan dituzte, agintariek plazaratutako datuen arabera. Horrez gain, 17 pertsona atxilotu dituzte.
Agenteek soinean daramatzaten kamerek erakusten dutenez, hildakoa Sylville K. Smith deituriko 23 urteko gazte bat da, eta armatuta zegoen tirokatua izan zen unean. Hala jakinarazi du Tom Barrett hiriko alkateak prentsaurreko batean.
Iturri ofizialen esanetan, Smithek lapurtutako arma bat eta munizioa zeraman eta aurrekari kriminal ugari zituen. Ez dute ezagutzera eman tiroak bota zituen poliziaren izena, baina bai esan dute hura ere beltza dela.
Alkateak azaldu du Guardia Nazionala zabaltzeko agindua eman duela istiluak gerta daitezkeen beste gau baten aurrean, baina ez du haien presentzia indarrean jarriko, baldin eta hori egiteko pisuzko arrazoirik ez badago, CNN telebista-kateari esan dionez.