Mundua -
ADF taldeak
Dozenaka zibil hil dituzte Kongon egindako eraso batean
Oldarraldia Beni hirian izan da, Iparreko Kivu probintzia gatazkatsuan. "1.200dik gora dira dagoeneko (Benin) aizkorekin eta aihotzekin hildako pertsonak", salatu dute.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez 50 zibil hil ditu Ugandako Fronte Demokratiko Aliatuak (ADF) asteburuan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, bertako agintariek Eferi adierazi diotenez.
Erasoa larunbat arratsaldean egin zuten, Beni hiriaren inguruetan, Kivu probintzia gatazkatsuan, Gilbert Kambale Beniko Sozietate Zibila elkarteko presidentearen esanetan.
"Oldarraldia Beni hirian izan da, Iparreko Kivu probintzia gatazkatsuan. 1.200dik gora dira dagoeneko aizkorekin eta aihotzekin hildako pertsonak. Gure etxeak txikitu eta kiskali dituzte. Herriak ezin du jasan jendea modu horretan hiltzen jarraitzea", esan du Kambalek.
Horren arabera, inguruetako herrietako biztanle gehienek ihes egin dute, Beni hirian babesteko, azken urteetan bizi duten egoera arriskutsutik ihesean, nahiz eta bertan Kongoko Indar Armatuaren eta NBEren soldaduak dauden.
Eskualdea mendi artean dago, eta horrek errazago egiten du erreboltariek ezkutatzea eta soldaduek egiten dituzten operazioetatik ihes egitea.
Noizean behin, aipatutako taldeko kideek Kongoko militarren uniformea janzten dute, eta horrek nahasmen handia eragiten du herritarren artean, Kambaleren esanetan.
Iaz, 300 pertsona baino gehiago hil zituzten Benin, Kongoren eta Ugandaren arteko mugan, militarrak eta kasko urdinak gorabehera, Kongoko Armadak emandako datuen arabera.