Mundua -
12 yemendar eta hiru afganiar
Guantanamoko 15 preso Arabiar Emirerri Batuetara eramango dituzte
Horietako batzuek 14 urte eman dituzte Kuban dagoen kartzela honetan; egun, 61 preso daude bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak jakitera eman duenez, Guantanamoko (Kuba) base militarrean zeuden 15 preso (12 yemendar eta hiru afganiar) Arabiar Emirerri Batuetara eramango dituzte.
Erabaki horren ondorioz, egun 61 preso daude Guantanamon; 2002an, aldiz, 800 bat zeuden.
Pentagonoak ohar baten bidez azaldu duenez, aditu talde baten oniritzia jaso ondoren hartu dute lekualdaketa egiteko erabakia; aditu horien artean, AEBko Gobernuko sei departamentu eta agentziatako zenbait ordezkari zeuden.
Arabiar Emirerri Batuetara eramango dituzten presoetako batzuek 14 urte eman dituzte Guantanamon, eta kargurik egotzi gabe zituzten preso.
2009tik, alegia, Barack Obama presidente dagoenetik, inoiz ez da egin oraingoa bezalako lekualdatzerik: hau guztietako handiena da. Obamak 2009an agindu zuen Guantanamo itxiko zuela, presidente-kargua hartu zuenean, eta Etxe Zuria utzi aurretik egingo zuela iragarri zuen. 2017ko urtarrilean utziko du.
Obama saiatu da Guantanamo ixten, baina ez du lortu
Presidente karguan eman dituen zortzi urteetan, Guantanamoko presoak AEBko beste kartzela batzuetara eramaten saiatu da Obama, Kubako espetxe hori ixteko agindua betetzea xede, baina Kongresuak behin eta berriro blokeatu ditu horren ahalegin guztiak, argudio ezberdinak erabiliz. Hori dela eta, Gobernuak beste herrialde batzuetara eraman izan ditu presoak.
"Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuari egin duen keinu humanitarioa eta izan duen jarrera eskertu nahi dizkiogu, lagungarria delako Guantanamoko kartzela ixteko ahaleginean", esan du Pentagonoak.
Ed Royce AEBko Ordezkarien Ganberako Kanpo Arazoetarako Batzordearen presidenteak (errepublikanoa da) esan du Obama "arriskuan" ari dela jartzen AEBko herritarren bizitza, "Guantanamo itxi nahi duelako".