Mundua -

Siria

Errusiar bonbaketariek Siriako jihadistei eraso diete Irandik abiatuta

Hamadan Irango basean dauden errusiar hegazkinek bonba erasoa egin dute Sirian, Estatu Islamikoaren aurka.

Irandik abiatu dira errusiar hegazkinak. Argazkia: Efe.
Irandik abiatu dira errusiar hegazkinak. Argazkia: Efe.
Irandik abiatu dira errusiar hegazkinak. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamadan Iran mendebaldeko hegazkin basean dauden errusiar bonba hegazkinek “Siriako jihadisten kokaguneei” eraso diete gaur, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.

Errusiar hegazkinen erasoak, informazio horren arabera, Alepo, Deir ez-Zor eta Idlib eskualdeetan izan dira, eta “bost arma gordailu handi, entrenamendu eremu bat, hiru aginte postu eta gerrillari asko” deuseztatu dituzte, idatzian esaten denez.

Hamadango baseari esker, % 60 murrizten dute helbururako bidea lehen Errusia hegoaldetik abiatzen ziren hegazkinek, eta bonba gehiago eraman ditzakete gainera. 900 bat kilometro daude Hamadango basearen eta Siria erdialdearen artean.

Joan den astean, errusiar bonbaketariek hiru eraso egin zituzten Sirian, Estatu Islamikoaren kontra.

“Su bonbak”

Bestalde, Siriako Gobernuak eta Errusiak aurreko asteetan Alepo eta Idlib hirietan egindako operazio militarrean arma su-eragileak erabili zituztela salatu du Human Rights Watch (HRW) elkarteak, eta hori Nazioarteko Zuzenbidearen aurkakoa dela gehitu du.

Elkartearen arabera, biktimak erre eta suteak eragiten dituzten arma hauek 18 aldiz erabili dituzte azken sei asteetan; abuztuaren 7an Alepo eta Idliben oposizioaren aurka egindako erasoetan, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Errusia bideoak Iran Siria gaur