Mundua -
Belgika
Bonba batek eztanda egin du Bruselako Kriminologia Institutuan
Hipotesia nagusiaren arabera, krimen antolatuak eragindako sutea izan da. Momentura arte, bost pertsona atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bonba batek eztanda egin du gaur, astelehena, Bruselan, Kriminalista eta Kriminologia Institutu Nazionalean (INCC). Ez da hildakorik izan, baina kalte material handiak eragin ditu leherketak.
Agintarien arabera, nahita eragindako sutea izan da, eta horregatik gertatu da leherketa. Momentura arte, bost pertsona atxilotu dituzte, eta Poliziak galdeketa egiten ari zaizkie.
Ine Van Wymersch diskalaren arabera, ez dago erasoa terroristaren zantzurik, baina momentuz ez dute inolako hipotesirik baztertu. Eraikina hutsik zegoen sua eragin dutenean.
"Nahita eragindako sutea izan zen, Polizia federalaren laborategian", azaldu du. "Suteek leherketak eragin ohi dituzte, ez zituzten lehergailuak jaurti edo instalatu", argitu duenez.
Van Wymerschen esanetan, nahiz eta hipotesietako bat atentatuarena izan, "ez da pentsatzen dugun lehen gauza". "Gure ustean krimen antolatuak eragindako sutea izan da. Ez dugu terrorismoaren zantzurik", berretsi egin du.
Erasoa pertsona batek baino gehiagok egin dute, Van Wymerschen iritzian. RTL katearen arabera, auto batek instalazioen hesiak apurtu zituen, 02:00ak aldera, eta ondoren eztanda entzun zen.
Koen Geens Belgikako Justizia ministroak Twitter bidez zabaldu duenez, Bruselako Fiskaltzak ikerketa abiatu du, eta "oraingoz ezin da ezer ondorioztatu".
INCC zientzia erakunde federala da, eta Justizia Ministerioak babesten du.
Erakundeak ikerketa zientifikoak egiten ditu, Justiziak eskatzen dionean, delitugileak identifikatzeko.
Kriminalistika eta Kriminologia Institutu Nazionala Neder-Over-Heembeek auzoan dago, hiriaren iparraldean.