Mundua -

Senatua

Rousseff kargugabetu eta Temer izendatu dute Brasilgo presidente

Aldeko 61 botorekin eta kontrako 20rekin, amaiera eman diote dagoeneko presidente ohi denak "kolpe"tzat jotzen duen epaiteka politikoari.

Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohia. Argazkia: EFE
Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohia. Argazkia: EFE
Kargua behin betiko utzi beharko du Dilma Rousseff presidenteak

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo Senatuak kargugabetu egin du Dilma Rousseff presidentea, aldeko 61 botorekin eta kontrako 20rekin, eta erabaki horrek Michel Temer berretsi du presidente gisa 2019ko urtarrilaren 1era arte.

Aurreko abenduan Parlamentuan hasi zen prozesuari amaiera eman diote horrela. Epaiketa politikoa egin diote ganbera horretan Rousseffi, zerga irregulartasunengatik zigortu ostean, baina dagoeneko presidente ohi denak "kolpe"tzat jo du prozesua.

Rousseff errudun jo dute Parlamentuak onartu gabeko hiru dekreturen bitartez aurrekontuak aldatzeagatik eta banku publikoekin Gobernuaren aldeko kredituak kontratatzeagatik, presidente ohiak prozesuan guztia ukatu duen arren.

Agintaria defendatu duten senatariek "konstituzioaren haustura" eta "kolpea" dela salatu dute, eta "zital"tzat jo dituzte kargugabetzearen aldeko senatariak.

"Hau guztia iruzurra da, iruzurra, iruzurra, iruzurra. Aurreiritzi batzuetan oinarritutako prozesua izan da, eta historiak epaituko du", adierazi du Lindbergh Farias Langileen Alderdiko senatariak.

Ronaldo Caiado eskuindarrak erantzun dio "legez kanpo aberastu zirenak" direla "zitalak", eta "Petrobras porrotera eraman eta Brasil egoera kritikoan utzi zutenak".

Eskubide politikoei eutsiko die

Bigarren bozketan, Dilma Rousseffek eskubide politikoei eustea erabaki du Senatuak.

42 senatari agertu dira Rousseff gaitasungabetzearen alde; 36, kontra; eta hiruk abstentzioa eman dute; beraz, ez dira herenera iritsi, eta horixe zen gutxienekoa mozioa onartzeko.

Eskubide politikoak galduz gero, ezingo zukeen zortzi urtez kargu publikorik izan, ezta enpresa publikoetan lan egin ere.

"Estatu kolpe bat"

Rousseffek salatu du burura eraman dutela "Estatu kolpea" bere kargugabetzearekin, eta "kolpisten aurkako oposizio irmoena eta gogorrena" iragarri du.

"Bizitzan aurre egin behar diodan bigarren Estatu kolpea da. Lehenik militarra izan zen (1964), eta militante gaztea nintzenean eragin zidan; eta bigarrena Parlamentukoa izan da, herritarrek eman ninduten kargutik bota didana", adierazi du dozenaka jarraitzaileren aurrean.

"Injustizia handien historian sartu da Senatuak gaur hartu duen erabakia: Konstituzioa urratzea erabaki dute, krimenik egin ez duen presidente baten agintaldia eten dute, errugabe bat zigortu dute, eta kolpe parlamentarioa gauzatu dute", salatu du.

Presidente ohiak ziur esan du Langileen Alderdia boterera itzuliko dela desberdintasunen aurka duela 13 urte hasi zuen borrokaren proiektua burura eramateko.

"Ez etsi borrokari. Ongi entzun ezazue: garaitu gintuztela pentsatzen dute, baina gezurra da. Badakit denok egingo dugula borroka. Kolpista batek paira dezakeen oposizio irmo eta indartsuena jasoko dute", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Epaiketak bideoak Gaurko azken orduko albistea Brasil azken ordukoa Latinoamerika