Mundua -
Mexiko
Bi urte, Igualako 43 ikasleak desagerrarazi zituztela
Zalantza asko daude oraindik. Auzian irregulartasunak egon direla salatu dute behin eta berriz senitartekoek.
Agentziak | Erredakzioa
Bi urte dira gaur Ayotzinapako (Iguala, Mexiko) 43 ikasle desagerrarazi zituztela. Igarotako denbora gorabehera, auzia argitzeke dago oraindik. Gazteen gurasoek irregulartasunak salatu dituzte behin eta berriz, eta justizia eta egia aldarrikatu.
Segidan, auziaren kronologia:
2014
- Irailak 26: Polizia ustelak tiroz sartu ziren Ayotzinapako eskolan (Iguala, Guerrero estatua, Mexiko). Sei pertsona hil eta 25 zauritu zituzten, eta 43 desagertu ziren.
- Irailak 28: Igualako 22 agente atxilotu zituzten, erasoarekin eta desagertzearekin zerikusia dutelakoan.
- Irailak 30: Jose Luis Abarca Igualako alkateak ihes egin zuen.
- Urriak 3: Mexikoko Prokuradoretza Orokorrak bere gain hartu zuen ikerketa.
- Urriak 17: Sidronio Casarrubias Guerreros Unidoseko buruzagia atxilotu zuten. Ustez berak agindu zuen 43 ikasleak desagerraraztea.
- Urriak 22: Prokuradoretzaren arabera, alkatea eta haren emaztea izan ziren erasoaren egile intelektualak.
- Urriak 23: Angel Aguirre Guerreroko gobernadoreak dimisioa eman zuen, auziak krisia eragin ondoren.
- Urriak 29: Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea ikasleen gurasoekin bildu zen, eta bilaketa lanak azkartuko zituztela agindu zien.
- Azaroak 4: Igualako alkatea eta emaztea atxilotu zituzten.
- Azaroak 7: Prokuradoretzak hiltzat jo zituen 43 ikasleak, atxilo hartutako Guerreros Unidos taldeko hiru kideen aitortzan oinarrituta. Hirurek Poliziari esandakoaren arabera, ikasleak hil eta Coculako zabortegi batean erre zituzten. Topatutako arrastoak Austriako laborategi batera eraman zituzten, aztertzera.
- Abenduak 7: Innsbruckeko (Austria) laborategiak Alexander Mora ikaslea identifikatu zuen.
2015
- Urtarrilak 27: Jesus Murillo fiskalaren esanetan, 43 ikasleak hil eta Coculako zabortegian erre zituzten.
- Otsailak 26: Ikerketek jasotako kritiken aurrean, Murillok Fiskaltza utzi zuen; Arely Gomezek hartu zuen haren lekua.
- Martxoak 1: Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak aditu independente talde bat sortu zuen auzia ikertzeko. Mexikon bildu ziren.
- Maiatzak 11: Auzian nahasita izatea egotzita atxilo hartutako batzuk torturatu egin zituztela ebatzi zuen adituen taldeak.
- Ekainak 29: Igualako militarrak galdekatzeko trabak ipini zizkietela salatu zuen adituen batzordeak.
- Irailak 6: Fiskaltzak ebatzitakoa zalantzan jarri zuen batzordeak. Ikerketan irregulartasunak egon zirela salatu, eta krimenak droga kontuekin zerikusia izan zezakeela adierazi zuen.
- Irailak 16: Innsbruckeko laborategiak Jhosivani Guerrero ikaslearen arrastoak topatu zituen San Juan ibaian hartutako laginetan. Guerreros Unidos talde kriminaleko beste kide bat, Gildardo Lopez, atxilotu zuten, gazteak berak hil zituela uste zuen Poliziak.
- Irailak 23: Desagertutako gazteen gurasoek 43 orduko gose-greba egin zuten.
- Irailak 24: Familiakoak Peña Nietorekin bildu ziren berriro. Desagertutakoak bilatzeko lanetan Fiskaltza nahasiko zuela iragarri zuen presidenteak.
- Irailak 26: Ikasleak desagerrarazi eta urtebetera, familiek manifestazioa deitu zuten.
- Urriak 8: Adituen taldeak irregulartasunak salatu zituen berriro. Prokuradoretzak beste ikerketa lerro batzuk azaldu zirela iragarri zuen.
- Azaroak 26: Bost eguneko kontzentrazioa egin zuten senitartekoek Mexikoko gobernu-jauregiaren aurrean.
- Azaroak 30: Gazteak bilatzeko Fiskaltza berezia sortu zuen Mexikoko Gobernuak.
2016
- Otsailak 8: Argentinako Auzitegi-antropologiako taldeak egindako ikerketa zientifiko eta biologikoen arabera, 43 ikasleen gorpuzkiak ez zituzten Coculako zabortegian erre.
- Otsailak 21: Aditu independenteen taldeak salatu zuenez, Fiskaltzak espedientea zatitu zuen. Honek ukatu egin zuen.
- Otsailak 28: Coculako zabortegia berriz arakatzeko agindua eman zuen Fiskaltzak.
- Martxoak 29: Adituen taldearen izen ona zikintzeko kanpaina salatu zuen Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak.
- Apirilak 1: Fiskaltzak agindutako ikerketa berriaren arabera, gutxienez 17 pertsonaren gorpuak erre zituzten Coculan. Adituen talde independenteak ez zuen ikerketa ontza eman.
- Apirilak 13: Senitartekoek eskatu arren, Gobernuak ez zuen adituen talde independentearen kontratua berritu.
- Apirilak 14: Lekuko batek Huitzuco herriko poliziak eta bi agente federal nahasi zituen.
- Apirilak 24: Adituen talde independentearen txosten berria: Atxilotu batzuk torturatu zituztela, hainbat agente federal auzian nahasita zeudela eta ikerketan irregulartasunak egon zirela salatu zuen.
- Ekainak 26: Tragedia gertatu zen gauean grabatutako irudiak emateko agindu zioten Armadari.
- Abuztuak 19: 43 ikasleen gurasoek Gobernuarekin zuten elkarrizketa eten zuten, eta Tomas Zeron Ikerketa Kriminalerako Agentziako zuzendaria kargutik kentzeko eskatu zuten.
- Irailak 13: Txerriak erabiliz egindako esperimentu batek frogatutzat eman zuen 43 ikasleak ez zituztela Coculako zabortegian erre.
- Irailak 14: Tomas Zeron Ikerketa Kriminalerako Agentziako buruak dimisioa eman zuen.
- Irailak 26: Desagertzearen bigarren urtemuga. Milaka lagunek justizia aldarrikatu zuten.