Mundua -
Venezuela
Polizia bat tiroz hil eta bi zauritu dituzte oposizioaren protestetan
Miranda estatuan jazo dira istiluak. Oposizioko alderdiek deituta, manifestazio jendetsuak egon dira Venezuelan.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Miranda estatuko (erdialdea) polizia bat tiroz hil eta beste bi zauritu dituzte oposizioak deitutako manifestazio batean. Nicolas Maduro presidentea kargutik kentzeko prozesua bertan behera geratu da, eta erabakiaren kontra protestak deitu ditu oposizioak Caracas hiriburuan eta herrialdeko hainbat hiritan.
Nestor Reverol Venezuelako Barne eta Justizia ministroak azaldu duenez, agenteek "manifestariak sakabanatzeari ekin diete, eta protestan zeuden batzuek tiroz erantzun dute".
Zauritutako agenteetako batek tiroa hartu du, eta bestea arma mingarri batekin zauritu dute, Reverolen hitzetan.
Fiskaltzak ikerketa abiatu du, eta bi pertsona atxilotu eta polizia-etxera eraman dituzte.
Horrez gain, beste lau pertsona zauritu dira San Francisco herrian (Zulia estatua, ipar-ekialdea). Kasu honetan, "poliziaren jokaera txar" baten ondorioz izan da, Reverolen esanetan. "Poliziak ondoan zituztela, identifikatu gabeko pertsona talde batek armak erabili ditu manifestarien kontra". Poliziaburua kargutik kendu eta ikerketapean jarri dute.
Hiru manifestari tiroz zauritu dituzte, eta beste bat arma mingarriz. Denak arriskutik kanpo daude, Barne eta Justizia ministroaren arabera.