Mundua -

Venezuela

Aske utzi dituzte Venezuelako oposizioko 5 kide, elkarrizketa abiatuta

Venezuelako Asanblea Nazionalak, bestalde, atzeratu egin du Maduroren erantzukizun politikoak aztertzeko agerraldia.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. EFE
Nicolas Maduro
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Gobernuak oposizioko bost kide askatu ditu astelehen honetan, Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak abiatu eta gutxira.

Carlos Ocariz Sucreko alkateak Twitterren jakinarazi duenez, Andrés Moreno, Marco Trejo eta Carlos Melo aske geratu dira. Ondoren, Jesús 'Chúo' Torrealba MUDeko idazkari nagusiak jakitera eman du beste bi lagun ere askatu dituzte: Andrés León eta Caramoto Rodríguez.

Handik ordu batzuetara, Venezuelako Asanblea Nazionalak (oposizioak gehiengoa du bertan) "egun batzuk" atzeratu du Nicolas Madurok bertan egin behar duen agerraldia, horren erantzukizun politikoak aztertzeko. Horren aurrean, oposizioak bertan behera utzi du ostegunean Miraflores Jauregira, Gobernuaren egoitzara, egiteko deituta zuen martxa. Nicolas Maduroren agintaldia baliogabetzeko erreferenduma eskatu nahi zuten protesta horretan.

Elkarrizketarako mahaia

Venezuelako Gobernua eta oposizioko kide nagusiak elkarrizketarako mahaian eseri dira Caracasen, herrialdearen egoerari aterabide bat aurkitzeko asmoz. Hala ere, elkarrizketetan ez parte hartzea erabaki du Leopoldo Lopez buru duen Herriaren Nahia oposizioko alderdiak.

Azken orduotan, bi alderdiek lanerako lau mahai osatzea adostu dute, gai hauek bereizita aztertzeko: bakea eta zuzenbide-estatua, biktimen erreparazioa, hauteskundeetarako kronograma eta ekonomia. Igandean lortutako akordioak azkenaldian ika-mikak eragin dituzten gaiak ere jorratu ditu, besteak beste, preso dauden oposizioko kideak eta botere publikoen funtzionamendua eta autonomia.

RTVEko kazetaria

Venezuelako Gobernuak baimena eman dio Nuria Ramos RTVEk Kolonbian duen berriemaileari bertan sartzeko, taldekideekin batera aireportuan 14 ordu eman eta gero. Ramosek berak azaldu duenez, Caracasko aireportura heldutakoan, pasaportea eskatu zioten, eta, 45 minutuz zain egon ondoren, ukatu egin zioten herrialdean sartzeko baimena. Hasieran Bogotora itzuli behar zutela jakinarazi zieten, baina azkenean Venezuelan sartzeko baimena eman diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Venezuela argazkiak Latinoamerika albisteak Nicolás Maduro gaur Leopoldo López Mendoza