Mundua -
Turkia
Errefuxiatuei mugak irekitzearekin mehatxu egin dio Erdoganek EBri
“Urrutirago joanez gero, mugak irekiko ditugu”, esan du Turkiako agintariak, Europako Parlamentuan emandako botoaz hitz eginez, Turkiarekin bat egiteko negoziazioak blokeatzea eskatu baitzuten.
Erredakzioa | Agentziak
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Europara iritsi nahi duten errefuxiatuei herrialdeko mugak irekitzearekin mehatxu egin dio Europar Batasunari, ostiral honetan.
“Urrutirago baldin bazoazte, mugak irekiko ditugu”, azaldu du Turkiako agintariak. Europako Parlamentuan ostegunean emandako botoaz hitz egin du, Turkiarekin bat egiteko negoziazioak blokeatzea eskatu baitzuten bertan.
“Guk 3,5 milioi errefuxiatu elikatzen ditugu herrialde honetan, eta zuek ez dituzue egindako promesak bete”, azaldu du agintariak.
“Hildako haurrak Mediterraneoko kostara iritsi zirenean, zuek ez zenuten zaintzea erabaki”, gaineratu du Erdoganek, europarrei zuzenduta.
EBk “Turkia behar du” errefortzu moduan, nabarmendu du, eta bere herrialdean hiru milioi errefuxiatu baino gehiago “Europako agintarien babesik gabe” bizi direla adierazi du.
Turkiak eta Europar Batasunak aurten, martxoan, hitzartu zuten akordio bat. Horren arabera, Turkiak bueltan jasotzen ditu Greziara legez kanpo iritsi ziren errefuxiatuak.