Mundua -

6.000 lagun daude

Bi errefuxiatu hil eta beste bi zauritu dira Lesbosen, sute batean

Beste hamar pertsona Lesboseko ospitalera eraman dituzte, erredura txikiekin eta beste batzuk intoxikatu dira kea arnasteagatik.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 urteko irakiar bat eta bere 6 urteko iloba hil egin dira eta beste bi pertsona larri zauritu Lesbos Greziako uhartean bart piztutako sute batean, Moriako errefuxiatuen kanpalekuan.

Poliziak emandako azken datuen arabera, larri zauritutako errefuxiatuak 25 urteko emakume bat eta lau urteko ume bat izan dira. Atenaseko ospitale batera eraman dituzte Armadaren hegazkin batean.

Beste 10 pertsona Lesboseko ospitalera eraman dituzte erredura arinekin, eta beste batzuk intoxikatu dira kea arnasteagatik.

Momentuz ezin izan dute argitu nola piztu den sutea, baina, hasierako ikerketaren arabera, baliteke gas-bonbona batek eztanda egin izana hildakoa pizten saiatzen ari zenean.

Emakumeak kanpai denda batean zuen bonbona, eta une horretan bere ilobarekin zegoen.

Sua berehala hedatu da kanpalekuan, baina suhiltzaileek itzali ahal izan dute.

Moriako kanpalekuan istiluak izan ohi dira Poliziaren eta errefuxiatuen artean eta, azken hilabeteetan, zenbait sute izan dira, inor hil gabe.

Lesboseko kanpalekuan 6.000 bat errefuxiatu daude, hau da, behar duenaren bikoitza.

Europar Batasunak eta Turkiak errefuxiatuak itzultzeko akordioaren ostean etorritako pertsonak dira bertan daudenak, eta gehienak asilo eskarien erantzunaren zain daude.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer ari da gertatzen Europan? Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan