Itxi

Mundua

Kuba

Fidel Castro, XX. mendeko iraultzaren arima

Agentziak | Erredakzioa

1953an, Kubako Santiagon Moncada Kuartelaren aurkako erasoa gidatu zuen, 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.

2:23

Fidel Castro, Kubara joandako gizon galiziar baten eta jatorri kanariarra zuen emakume baten semea, Mayari herrian jaio zen 1926an, eskolagabeko familia apal batean. Aitak, Angel Castro y Argizek, ezin izan zuen seme gisa onartu Fidelek 17 urte bete zituen arte; izan ere, orduan lortu zuen lehen emaztearengandik banandu eta Fidelen amarekin ezkontzea.

Eskola jesuita batean ikasi eta gero, Zuzenbide ikasketak abiatu zituen Castrok 1945ean, Habanako Unibertsitatean. Han, ikasle-elkarteetako kide izateaz gain, garaiko agintari diktatorialen ustelkeria salatzen zuen Kubako Herriaren Alderdiarekin bat egin zuen. 1947an, erbesteratutako dominikarrekin eta Latinoamerikako beste hainbat herritarrekin, Rafael Trujillo Dominikar Errepublikako presidentearen aurkako eraso armatuan hartu zuen parte. Kuban antolatu zuten, eta, azkenean, porrot egin zuen.

Garai hartan hasi zen Fidel Castro herrialde latinoamerikarretako buruzagi ezkertiarrekin biltzen. Horrez gain, Ramon Grau Kubako Gobernuko presidentearen kontrako manifestazioan izan zen. 1948an, Mirta Diaz-Balartekin ezkondu zen, familia aberats bateko alabarekin. Gainera, Martaren gurasoek 1952an Presidentetzara iritsi zen Fulgencio Batistarekin harremana zuten. Ondoren, Castroren mugimendu gerrillariak garaitu zuen.

50eko hamarkadaren hasieran, Movimiento izeneko talde sekretua ipini zuen martxan, segurtasun-indar kubatarren aurka eraso egin eta klase politikoaren ustelkeria salatzeko. 1953an, Kubako Santiagoko Moncada kuartelaren kontrako ekintza gidatu zuen; ondorioz, ia antolakuntzako kide guztiak atxilotu zituzten, eta Castro berari ere 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.

Espetxean zela, antolakuntzari Movimiento 26 de julio izena jarri zion, erasoa egin zuten egunarena, hain zuzen ere. Batistak 1955ean libre utzi zuen Fidel, gizarteak zuen iritzia hobetu zedin. Fidel eta Raul haren anaia Kubatik Mexikora joan ziren urte hartan, uharteko erregimenak disidentziaren kontra abiatutako errepresioa zela eta. Erbestealdian, Ernesto 'Che' Guevararen eta disidente-talde baten lagun egin zen Fidel. Erregimen kubatarraren aurkako erasoa prestatu zuten elkarrekin.

'Granma' txalupan Kubarantz abiatu zen Castro beste 80 pertsonarekin, Batistaren agintea bertan behera uzteko. Dena den, soldadu kubatarrak zain zituzten. Sierra Maestran kokatuta, gerrillen arteko guda hasi zuen, Batistarekin ados ez zeuden beste zenbait talderekin. Kubako armadari hainbat borroka irabazi ostean, Fidelen soldaduak ospea lortzen hasi ziren munduan, 'los Barbudos (bizardunak)' ezizenarekin.

Iraultzaren garaipena

1959ko urtarrilean, Iraultzaren garaipena iragarri zuten Santiagoko Kuban; beraz, indarrean zegoen erregimena guztiz hondoratu zuen gertakari hark. Herritarrek Castro txalotu zuten Habanan sartu zenean, eta urte hartan, otsailean, Kubako lehen ministro bilakatu zen. Erreforma marxistak abiatu zituen orduan; industria nazionalizatzeaz gain, aurrekontua handitu zuen hezkuntzan eta osasun-arloan. Neurri horiek Washingtonetik aldendu zuten Fidel, eta Sobietar Batasunera hurbildu. 1960ko irailean, Nazio Batuen Batzar Nagusian hitzaldi ezagun hura eman zuen, eta handik gutxira, Estatu Batuetako Gobernuak blokeo partziala ezarri zuen uhartean. 1962ko misilen krisiaren ostean, areagotu egin zen, eta, gaur egun, indarrean jarraitzen du.

1961ean, orduan AEBko presidente zen John F. Kennedy Cochinos Badia indarrez hartzen saiatu zen disidente kubatarrekin eta CIAko agenteekin. Erasoak porrot egin zuen, eta Fidelen aurka egon zitekeen edozein kritikaren kontrako errepresioak gora egin zuen, Moskura geroz eta gehiago gerturatuz. Handik urtebetera, misilen krisia gertatu zen, AEBko inteligentzia-zerbitzuek Kuban misil sobietarrak aurkitu zituztenean. Gerra Hotzaren atal gogorrenetakoa eragin zuen, eta bi blokeen arteko borroka nuklearra eragin zuen ia-ia.

60ko eta 70eko hamarkadetan, Salvador Allenderekin hartu-emanetan aritu zen Txilen, Israelekin harremanak bertan behera utzi zituen (errefuxiatu palestinarrei emandako tratuagatik), eta Angolako hainbat talde komunista eta Latinoamerikako zenbait gerrilla diruz lagundu zituen. Halaber, Muamar Gadafi Libiako liderrarekin ondo moldatzen zen, iparrafrikarrako agintariak ezarritako neurri sozialistak zirela eta. 1976an, presidente kargua sortu eta bere gain hartu zuen, lehen ministro izateaz gain.

1989an, Mijail Gorbachov buruzagi sobietarrak zehaztutako neurri irekiak eta erreformistak kritikatu zituen. Politika haien ondorioz, sobietarrek Europarekin zuten zatiketa estua amaitu eta URSS hondoratu zen. Laguntzarik eta aliaturik gabe, Kubak krisi ekonomiko larria pairatu zuen 90eko hamarkadan. Hori dela eta, AEBko Gobernuak janaria bidaltzea baimendu zuen 2001ean, lehen aldiz blokeoa ezarri zenez gero.

Gaixotasuna eta boterea ematea

2006an, Fidel Castro boterea ematen hasi zen Raul Castro anaiari, hesteetako gaixotasun baten ondorioz. Handik bi urtera, presidente eta lehen ministro karguak eman zizkion. Ondoren, 2001n, errekuperatzen hasi zen arren, Kubako Alderdi Komunistaren lehen idazkari postua anaiaren esku utzi zuen.

Kubako Parlamentuan diputatu-akta mantendu zuen arren, ez zuen ekitaldi publikoetan parte hartzen ia, agintari jakin batzuekin soilik izaten zituen bilerak. Bestalde, munduko politikari buruzko hausnarketak zabaltzen zituen erregimenaren hedabide ofizialetan. "Inperialismo" estatubatuarrari buruzko iritzia mantentzen zuen adierazpen horietan.

Ematen zituen hitzaldi luzeak eta adierazten zuen jarrera grinatsuak nabarmenak ziren. XX. mendeko historiaren eta Gerra Hotzaren protagonista izan zen, eta mendebaldeko buruzagien kontrako kritika gogorrak egin zituen. Gainera, Fidel Castro zen gehien erailtzen saiatu ziren agintaria (600 aldiz ere saiatu zirela esan izan dute). Saiakera gehienak Estatu Batuetako inteligentzia-zerbitzuek egin omen zituzten.

omen zituzten.

omen zituzten.

omen zituzten.

omen zituzten.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena