Mundua -

Ezbeharra Kolonbian

71 pertsona hil dira Chapecoense taldea zeraman hegazkinaren istripuan

Sei pertsona atera dira bizirik, horietako bat istripua izan eta bost ordura topatu dute. Brasilek hiru dolu egun ezarri ditu. Kolonbiako Gobernuaren arabera, bizirik atera direnetatik bi larri daude.

Hegazkina, istripua izan eta gero. Iturria: Aviación Comercial Colombia
Hegazkina, istripua izan eta gero. Iturria: Aviación Comercial Colombia
75 lagun hil dira Kolonbian izan den hegazkin istripuan

1:21

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo Chapecoense futbol taldea zeraman hegazkinak istripua izan du bart Jose Maria Cordoba Medellingo (Kolonbia) aireportura hurbiltzen ari zenean, aireportutik bertatik jakinarazi dutenez. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak emandako azken balantzearen arabera, 71 pertsona hil eta sei zauritu dira.

Hasieran 75 persona hil direla esan bada ere, agintariek 71ra jaitsi dute azkenean zifra, lau pertsona ez baitira hegazkinera igo azken unean.

Dirudienez, istripua La Ceja eta La Union hirien artean gertatu da, Antioquia departamentuan, Rionegro hiriko Jose Maria Cordoba nazioarteko aireportutik gertu. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakitera eman duenez, istriputik bizirik atera direnetako bi  larri daude.

Hegazkinean 77 pertsona zihoazen; Chapecoense futbol taldeko jokalariak eta tripulazioko bederatzi kide tartean. Mauricio Parodi Antioquiako Hondamendien Berreskuratze, Artatze eta Prebentzio Sistemaren Administrazio Departamentuko zuzendariaren esanetan, Cerro Gordon erori omen da.

"Baieztatuta, CP2933 hegaldiak @ChapecoenseReal futbol taldea zeraman. Antza denez, batzuk bizirik atera dira", esan du aireportuak Twitter sare sozialean aireratutako mezu baten bidez. Lehen datuen arabera, hainbat pertsona daude bizirik.

Futbol taldea, aurreko astean egindako argazki batean. Iturria: EFE

Futbol taldea, aurreko astean egindako argazki batean. Iturria: EFE

Parodiren arabera, hegazkina Santa Cruz de la Sierra (Bolivia) hiriko Viru Viru aireportutik abiatu zen, geldialdi tekniko bat egin eta gero, antza.

Hegazkina (CP2933 zenbakia) 21:33an (03:33an, gurean) heltzekoa zen Medellinera, baina La Cejatik gertu zegoenean, konexioa galdu du kontrol dorrearekin, horren esanetan.

Chapecoense kirol elkartea Brasilgo Santa Catarina estatuko Chapeco hiriko futbol taldea da. Medellinerako bidean zen, asteazkenean Hego Amerikako Koparen finaleko joaneko partida jokatzeko, Atletico Nacional taldearen aurka.

Chapecoense futbol taldeak bideo hau partekatu du Facebooken, hegazkina hartu baino lehen:

Hiru dolu egun Brasilen

Michel Temer Brasilgo presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu istripuarengatik. Hainbat txio bota ditu Temerrek, eta atsekabe handiz hartu du "dozenaka familiari zorigaitza" ekarri dien ezbeharraren berri.

Twitterren azaldu duenez, biktimen senideei "laguntzeko bitarteko guztiak" jarri ditu Gobernuak. "Eginahalak egingo ditugu Kolonbiako kirolaren eta kazetaritzaren senide eta lagunen mina arintzeko", erantsi du.

 

Istripua izan den inguruko baldintzek dezente zaildu dute helikopteroen lana, eta bertan behera utzi dituzte ordu batzuetan.

Hildako asko

Federico Gutierrez Zuluaga Medellingo alkateak ere pena handiz hartu du hegazkin istripuaren berri, eta elkartasuna agertu die biktimen senide eta lagunei.

"Benetako tragedia izan da gaur gauean gertatutakoa. Tamalgarria da hainbeste bizitza galdu izana eta elkartasuna adierazi nahi diegu Chapecoense taldeko zaleei, eta biktima guztien lagun eta senideei", esan du Medellingo alkateak ohar baten bidez.

Gutierrez istripua izan den lekura joan da, La Union aldera, eta bere taldeak "istripuan laguntzeko behar den kolaborazioa" eskaini du.

Bidaiari batzuk, bizirik

Kolonbiako aireko agintaritzak baieztatu du hegazkinean zihoazen zenbait bidaiari bizirik atera direla. Jose Gerardo Acevedo Antioquia departamentuko poliziaburuaren hitzetan, "hasiera batean sei pertsona erreskatatu ditugu", baina horietako bat artatzen ari ziren bitartean hil da.

"Ez dugu beste inor topatu bizirik", erantsi du Acevedok, eta argitu arte gorpu gehiago atera ezingo dituztela jakinarazi du.

Istripua izan eta bost ordua, ordea, beste lagun bat atera dute hegazkinetik; hau ere, bizirik.

Hortaz, seigarren lagun hau batu behar zaio hasiera batean kaleratutako izen-abizenen zerrendari. Hauek dira zauritu diren sei pertsonetatik bost: Alan Luciano Ruschel, Marcos Danilo Padilha eta Jacson Ragnar Follmann jokalariak; Ximena Suarez tripulazioko kidea, eta Rafael Hensel kazetaria. Erwin Tumir bizirik atera dute, baina handik gutxira hil da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Hegazkin istripuak Gaurko azken orduko albistea Kolonbia Brasil azken ordukoa