Mundua -
Kolonbia
Gaur hasiko dira FARCekin egindako bake akordioa egiaztatzen
Atzo 'D eguna' izan zen, Kongresuak oniritzia eman eta gero Santosek esan zuenez. Gaurtik aurrera, gainera, bake akordioaren zenbait puntu lege bihurtu beharko dituzte.
agentziak | erredakzioa
Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek iragarri dutenez, 'D eguna' delakoa hasi da dagoeneko eta, Kongresuak bake akordioa onartu eta gero, egiaztatze prozesua ostiral honetan bertan hasiko da hango 10:00etan.
Juan Manuel Santos presidenteak aurretik argitu zuen moduan, ostegunean, abenduak 1, hasi beharko lirateke FARCekin adostutako bake akordioa aplikatzen.
Hala baieztatu zuten bi ordezkaritzak elkarrekin plazaratutako ohar batean. Bertan, ziurtatu zutenaren arabera, azaroaren 24an sinatutako akordioa "Errepublikaren Kongresuak oniritzia eman eta gero sartu da indarrean".
"Ondorioz, 'D eguna' gaurko eguna da, akordioaren arabera", azaldu zuten.
Era berean, ostiraleko 10:00etatik aurrera, jarraipen, sustapen eta egiaztatze batzordea CAPRECOM eraikinean jardungo da, akordioa martxan egonda.
"Bihartik (ostirala) aurrera, hartutako konpromisoak betetzen diren aztertuko da, erreferendumak negoziazioak berrabiaraztea ekarri baitzuen, eta eragozpenak eragin zituen egutegian", ordezkaritzen esanetan.
Gainera, "adostutako kronograma beteko direla ziurtatzeko beharrezko konpromisoak zehaztuko dira".
Orain, diputatu eta senatariek adostutakoa betetzeko lanei ekingo diete; hori dela eta, bake akordioaren zenbait puntu lege bihurtu beharko dituzte.
Juan Fernando Cristo Kolonbiako Barne ministroaren arabera, amnistiaren legea izango de aurrenekoa, lehentasunekoa baita, bere hitzetan.