Mundua -
galdeketa
Konstituzioa aldatzeari buruzko erreferenduma egin du Italiak
7:00etatik egon dira irekita hautetsontziak. Matteo Renziren jarraipena Gobernuan baietzaren garaipenera lotuta dago. Senatuari boterea kentzea aurreikusten du erreformak.
Agentziak | Erredakzioa
7:00etan ireki dira hautetsontziak Italian. 51 milioi hiritar daude deituta erreferendumean erabakizeko Parlamentuak onartutako Konstituzioaren erreformaren inguruan. 23:00etan bukatu da bozketa, eta momentu horretan hasi dira boto-txartelak zenbatzen.
Erreformak, besteak beste, Senatuari eginkizun legegilea kentzen dio, baina arreta emaitzaren ondorioetan dago jarrita. Gobernuko presidente Matteo Renzik garaipenera lotu du bere jarraipena.
Azken galdeketen arabera, ezetzaren aldekoak baietza defendatzen dutenak baino 10 puntu gehiago dira (% 55 % 45aren kontra). Ez da beharrezkoa gutxieneko parte-hartzerik emaitza balekoa izateko.
Konstituzioa aldatzeak bi ganberen arteko orekarekin bukatzea dakar. Egun, Diputatuen Ganbarak eta Senatuak eskumen berberak dituzte, eta erreformak legeak sortzeko prozesutik baztertzen du Senatua, senatarien kopurua murriztuz. Gainera, soldatarik gabe uzten ditu, eta eskualde-batzordeek eta udalek izendatuak izango dira, eta ez hauteskundeetan aukeratuak.